J.L.
sokatira

Gaztedik eta Goiherrik berdinduz ekin diote Lur Gainekoari

Gaztedi A eta Goiherri A taldeek berdinduta amaitu dute 680ko aurreneko jardunaldia, eta datozen ekinaldietan erabaki beharko dute txapela, bien artean lehia handia eta berdintasun ikaragarria dagoela ikusi baitzen.

Txapela lortzeko bi talde faboritoek gainerako guztiak mendean hartu zituzten, eta euren arteko deman ere ez zuten ezer erabaki, bakoitzak tiraldi bana irabazi eta berdinean amaitu baitzuten norgehiagoka. Zaleek emozioa nahi izaten dute, eta itxura guztien arabera, pisu honetan ez da horren faltarik izango.

Gainera, ez aurreneko postua erabakitzeko bakarrik, baita hirugarren posturako ere, hor ere berdinduta geratu baitziren Goiherri B eta Gaztedi B. Gaztedi C eta Mutriku mendean hartu zituzten biek, eta galdu egin zuten euren aurreneko taldeekin. Beraien artean, berriz, bakoitzak tiraldi bana eraman zuen, eta ondorioz, hauek ere berdinduta geratu ziren.

Bosgarren Mutrikuk amaitu zuen Gaztedi C taldeari bakarrik irabazita, eta sailkapena Gaztediren hirugarren taldeak itxi zuen, denak galduta.

 

Mundukoak

Lur Gaineko Munduko Txapelketa Getxon jokatuko da 2020an, herenegun Nazioarteko Sokatira Federazioak hala erabakita. Bi urte lehenago, berriz, Goma Gainekoa jokatuko da. Horretarako Bilbok bere hautagaitza aurkeztua zuen, baina herrialde batek bi aldiz jarraian horrelakoak nekez antolatzen ditu, eta Txinari eman diote.

Sokatiran, “Euskal Herria” gisa parte hartzen du nazioarteko lehiaketetan, eta Getxon ere horrela arituko dira. Bost urte izango ditu hau dena behar bezala antolatzeko.