Goiherri A taldea izan da bigarren jardunaldiko talderik onena
Goiherri A taldeak irabazi du Lur Gaineko Euskal Herriko Txapelketako bigarren jardunaldia, eta txapela lortzetik gertuago jarri da, baina oraindik azkeneko jardunaldian eman beharko dio errematea, taldeen artean ez baitago alde handirik.
Aurreneko jardunaldian berdinketa ugari izan ziren, baina oraingoan ez da horrelakorik izan, eta denak garbi joan dira, nahiz eta tiraldi politak ikusteko modua izan den. Bigarren honetan, Goiherri A taldeak tiraldi guztiak irabazi zituen, eta horrekin lehen postua segurtatu egin zuen.
Bigarren postua Gaztedi A taldeak lortu zuen. Goiherrirekin galdu egin zituen tiraldiak, baina gainerako guztiak eraman egin zituen. Lehen jardunaldian bigarren posturako ere berdinketa izan zen Gaztedi B eta Goiherri B taldeen artean, baina oraingoan ez zen horrelakorik izan.
Bi taldeek aurrekoekin galdu egin zuten eta elkarren arteko neurketan, Goiherri B taldeak irabazi zion Gaztediri, eta horrekin Erandiokoek lortu zuten hirugarren postua.
Bosgarren eta seigarren posturako gauzak aurrekoan bezalaxe geratu ziren, ez baitzen aldaketarik egon. Mutrikuk Gaztedi C taldea bakarrik hartu zuen mendean, bosgarren postua eskuratuz, eta bizkaitarrek denak galdu zituzten, eta horrekin eguneko sailkapena itxi zuten.
Sailkapen nagusian, orain Goiherri A lehen postuan jarri da, eta puntu bat ateratzen dio Gaztedi A taldeari. Bi hauen artean jokatu beharko dute txapela. Hirugarren postuan, Goiherri B dago orain, eta honek ere puntu bat kentzen dio Gaztedi B taldeari, eta hauen artean egongo da txapelketako hirugarren postua.