Abiadura errekorrek zentzurik ba ote dute mendian?
Dani Arnold-ek Matterhorneko ipar horman dagoen bide klasikoa ordubete eta 46 minutuan igo du. Dean Potter-ek, berriz, YosemitekoHalf Dome igo eta jaisteko 2 ordu eta 17 minutu behar izan ditu. Eta Stefanishina Oksanak Elbruseko nesken errekorra sinatu berri du.
Mendiko diziplina ezberdinen bilakaerari begiradatxo bat ematen badiogu, lasai asko esan dezakegu batez ere azken urteotan «ate» berriak zabaldu direla. Hots, beste bide berri batzuk azaldu dira. Horietako bat, mendietan (ez teknikoetan), hormatzarretan zein pareta izoztuetan egiten diren abiadura «lehiak» dira. Oso urrutira joan gabe, Kilian Jorneten di-da bateko jarduerak gurean oso ezagunak egin dira.
Jakina, aipatu dugun eboluzio horren aurrean aldeko zein kontrako iritziak ugariak dira. Bai, kolore guztietakoak. Eta abiadura errekor horietan ere ez da polemika faltarik. Batzuek norabide hori ontzat hartzen dute; argudiatuz inor ez duela kaltetzen eta mendizalearen (hobeto esanda, mendi lasterkariaren), eskalatzailearen zein alpinistaren entrenamendurako oso baliagarriak direla.
Beste batzuek, aldiz, diote eskaladaren, alpinismoaren... oro har, mendizaletasunaren esentziaren aurkakoa dela. Krono bat. Ordulari baten botoia bi aldiz sakatu (hasieran eta amaieran) eta zifra bat. Aipatutakoek diote hori besterik ez dela.
Kontua da hau guztia gizartearen isla dela, eta berdin dio zein ataletan mugitzen garen. Eta, jakina, mendizaletasunak ere ez du egoera horretatik ihes egiten; beste era batera esanda, ez da hain puru eta birjina.
Hurrengo lerrootan abiadura errekorren gaineko hiru adibide jarriko ditugu; hain zuzen ere, azkenaldion mendi ez teknikoetan, eskaladan eta alpinismoan izan diren hiru jarduera adierazgarri. Hiru errekor. Era horretan uste dugu irakurleari laguntzeko aukera emango diogula arestian aipatu dugun mendizaletasunaren bilakaera konkretu horren gainean iritzia sortzeko.
Dani Arnold
Lehenbiziko adibideak Matterhornera eramango gaitu. Hain zuzen ere, mendiaren ipar aurpegira eta haren bide klasikora: Schmid (1.100 m, MD+, WI4+, M5, V).
Marra historiko honi buruz behin baino gehiagotan hitz egin dugu. Franz eta Toni anaiek 1931. urteko uztailaren 31 eta abuztuaren 1ean zabaldu zuten. Bada, Dani Arnold suitzarrak ordubete eta 46 minutu soilik behar izan ditu Schmid anaien bidea eskalatu ahal izateko. Hori zioen Matterhorneko gailurrean ordulariaren denborak. Hori guztia gutxi izango balitz, mendi gidari eta alpinista entzutetsu horrek Ueli Steck-ek marra horretan zuen errekorra hobetzea lortu du.
Horrela irakurrita, lasai asko esan dezakegu Arnolden igoera horrek beste historiarik ez duela. 1.000 metro luze den pareta hotz eta izoztu horretan apirilaren 22an sartu zen; hain zuzen ere, oso ezaguna den errimaiatik. Goizeko zortzi eta erdiak ziren, eta ordubete eta 46 minutu igarota kronoa gelditu zuen. Gailurrean zen.
Irakurleari gai honi buruzko erreferentzia bat emango diogu: eskuarki, bide hori eskalatzen dutenek 8 eta 10 ordu artean behar dute. Jakina, ondoeza bazuen ere, suitzarra guztia emanda ibili zen: «Aitortu behar dut pareta hori eskalatzen hasi baino lehen ez nengoela batere ondo. Gaixo antzean sentitu nintzen, eta une batez uztea pentsatu nuen. Alabaina, jarraitzea erabaki nuen, baita erritmo egokia aurkitu ere. Ez nindoan oso-oso azkar, erritmo eraginkor batean baizik».
Bide batez, gogora dezagun alpinista suitzarra estilo horretan espezialista dela. Duela lau urte, Stecki berari Eigerreko ipar hormaren errekorra 20 minutuan «lapurtu» zion.
Arnoldek argitu du Eigerreko errekor horrek motibatu zuela Matterhornekoan saiatzeko: «Honek guztiak erakutsi dit azken urteotan gauza asko ondo egin ditudala. Emaitzatik ondorioztatzen dudan onena da. Gainera, azken marka horrekin pozarren nago; izan ere, ez dut bereziki prestatu. Neguan hizketaldi ugari eman ditut, eta udaberriaren hasieran ere beste xede batzuetan sartuta egon naiz. Oro har, paretan izan nituen baldintzak perfektuak ez baina onak ziren. Goialdean ez zegoen elur asko eta mistoan eskalatu behar izan nuen. Uste dut igoera hori azkarrago egin daitekeela».
Dean Potter
Estatubatuarra eskaladan ezaguna egin zen. Baina haren bilakaera berezia izan da oso. Beste bide batzuk hartu zituen, eta horietan guztietan ere sona du: BASE jauzian, free BASEn, highlinen...
Orain, berriz, beste espezialitate bat «asmatu» du: eskalatu eta korrika egin. Outdoor-eko beste asmakizun bat ote da? Ultra climbing izenekoa? Kontua da Potterrek Yosemiteko Half Dome igo eta jaisteko 2 ordu eta 17 minutu behar izan dituela. Igo, korrika eta eskalatzen igo zuen (1:19); eta jaitsi, berriz, lasterka.
Kyle Williamsek zuen aurreko errekorra: 2 ordu eta 23 minutu. Eta Williamsek bezala, Potterrek ere ibarretik hasi zuen bere xedea. Hori bai, aukeratutako bidezidorra zuzenagoa eta ezezagunagoa zen. Horregatik diote aurreko errekorra ia 6 minutuan ondu duela. Eskalatutako bidea, berriz, “Snake Dike”-ren (5a) zortzi luzeak. Jaitsiera, bestalde, Cable Trailetik hasi, Lost Lake inguratu eta irteera puntura heltzeko Mist Trailetik joan zen.
«Ez janaririk, ez urik... trekkingeko zapatila batzuk soilik erabili nituen. Aipatu behar dut ia egunero Half Dome igotzen dudala, ia beti BASE jauzi bat egiteko. Horretarako 5 eta 7 kilo arteko bizkar-zakua eramaten dut. Errekorraren xedea Scott Jurek lasterkariari aipatu nion, eta, aurreko azalpen horiek eman eta gero, hark esan zidan prest nengoela helburu hori betetzeko», adierazi du Potterrek.
Stefanishina Oksana
Hirugarren marka mendi lasterkari batek sinatu berri du: Stefanishina Oksana errusiarrak. Bere helburua Europako mendi garaienean, Elbrusen (5.642 m), errekorra ezartzea zen. Hots, mendia ahal bezain azkarren igo eta jaistea. Eta lortu du. Igotzeko, 4 ordu eta 42 minutuko denbora behar izan zuen; inoiz emakumezko batek erdietsi duen denborarik onena. Baina oraindik jaitsiera zuen aurretik, eta horretarako ordubete eta 36 minutu soilik behar izan zuen. Beraz, igoerako eta jaitsierako denborak batu ondoren, Oksanaren errekor berria honakoa da: sei ordu eta 25 minutu.
Berez, errusiarrak Red Fox Elbrus Race lasterketan hartu zuen parte. Irteera puntua Azau glaziarrean zuten; hots, abiadura lasterketetarako erabiltzen den puntua. Eta hori 2.350 metroko garaieran dago.
Lasterkariek aurretik ia 3.000 metroko goranzko desnibela eta 28 kilometroko ibilbidea zituzten. Errekorra ezartzeko baldintzak ez ziren batere egokiak izan; izan ere, gailurrean zero azpitik 23 graduko tenperatura zuten, eta haizea 35 kilometro ordukoa. Gogora dezagun errekorrak egiteko Elbrus mendi gaiztoa dela, batez ere eguraldiaren baldintzengatik. Kilian Jornet, adibidez, ahalegindu zen, baina bere asmoa bertan behera utzi zuen haizeteengatik eta hotzagatik.