Larretxea eta Atutxa Buruz Buruko finalean sartu dira
Finalerdietan, Ruben Saralegi eta Jon Rekondo hartu zituzten mendean.
Donato Larretxea eta Aitzol Atutxa sailkatu dira Urrezko Aizkorako Buruz Buruko finalera. Oraindik beste finalerdi bat geratzen da, eta hauekin batera arituko den gainerakoa Iñaki Azurmendik eta Ander Erasunek datorren astean jokatuko duten neurketatik aterako da.
Aizkolari bakoitzak lau lan egin zituen. Hasteko, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan erdibitu; ondoren, tamaina bereko enborra erlojuz kontra ebaki; hirugarrenik, kana-erdiko bat eta 60 ontzako bat zeinek azkarrago moztu; eta azkeneko, iraupen proban, lau kana-erdiko eta bi oinbiko erdibitu.
Donato Larretxeak, Ruben Saralegi hartu zuen mendean. Azken hau hasi zen irabazten, kolpekakoa berak eraman baitzuen, baina gero Larretxeak bere nagusitasuna erakutsi zuen. Iraupen probara minutu bateko aldearekin sartu zen. Azkeneko saioan ere minutu eta erdiko tartea zabaldu zion. Lan guztiak burutzeko, 27 minutu eta 41 segundo behar izan zituen Larretxeak, eta 29 minutu eta 46 segundo, berriz, Ruben Saralegik.
Beste finalerdian, Aitzol Atutxak lortu zuen garaipena, Jon Rekondoren aurka. Azken honek erlojuz kontrako proba irabazi zuen, baina gainerakoetan Euskal Herriko txapelduna nagusi izan zen. Iraupen probara, minutu erdiko aldearekin iritsi zen, baina han ez zuen barkatu. Lan luze horretan minutu eta 46 segundoko aldea atera zion. Lan guztiak burutzeko, 25 minutu eta 24 segundo behar izan zituen, eta 27 minutu eta 6 segundo, Rekondok.