Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Surfa

Euskal Surf Zirkuitua 2015:Lehia itzela itzuliko lehen proban

Andy Ciere hendaiarra izan zen garaile mutilen kategoria irekian. Nesken kasuan, berriz, Leticia Canales bilbotarrak eskuratu zuen txapela. Taldekako Kantauri Surf Liga ere amaitu da eta finalerako Bakioko Surf Taldea eta Donostiako Pukas Surf Eskola sailkatu dira.

Euskal Herriko surf zirkuituko lehen proba amaituta, irekitzat ematen da aurtengo surf txapelketen sasoia Hego Euskal Herriko kostaldean. Urte hasieratik zenbait txapelketa egin dira, baina ura berotzen hastearekin batera txapelketetako giroa ere berotzen hasten dela esan daiteke eta hemendik aurrera lehiakideak sasoi betean sartzen dira.

Bodyboard-a

Iragan asteburuan Donostiako Zurriolan aritu dira surflariak, beraz, Euskal Zirkuituko lehen proban. Aurreko asteburuan, berriz, bodyboardzaleak izan ziren hondartza berean Euskal Body Zirkuituko lehen proban lehian aritu zirenak. Bi kasuetan, olatuak txikiak eta narrasak izan dira, ipar haizea eta eguraldi txarra, baina partaideen arteko harremanek giroa goxatzen lagundu dute.

Pasa den astean Donostian izan zen bodyboard txapelketan bi kategoria izan ziren, batetik 18 urtetik beherako kategoria eta bestetik kategoria irekia (Open). Gaztetxoenen kategorian iparraldeko bodyboardzale bat gailendu zen, Eddie Mangenot biarriztarra. Kategoria irekian, berriz, Aritz Larrinaga sopelarra izan zen garaile.

Bodyboard kategorian hiru txapelketa izango dira guztira aurtengo denboraldian. Hurrengo bi txapelketak urria eta azaroan izango dira, eta amaieran puntu gehien biltzen dituzten lehiakideak izango dira azkenean aurtengo Euskal Body Zirkuituko txapeldunak.

Surfa

Surfean ere, guztira hiru txapelketek osatuko dute Euskal Surf Zirkuitua aurtengo denboraldian, baina berezitasun batekin, lehen bi txapelketetan emaitza onenak lortu dituzten lehiakideek bakarrik parte hartu ahal izango dute hirugarren eta azken txapelketan.

Lehen bi txapelketetan lortutako puntuei esker lehen hogei postuetan dauden lehiakideek soilik parte hartu ahal izango dute abenduan izango den azken txapelketan. Txapelketa handia Mundakan izango da; beraz, luxu bat da parte hartzaileentzat normalean jendez leporaino izaten den halako urautsi batean ia bakarrik surf egiten aritzeko aukera izatea.

Mundakak, ordea, baditu berezitasun batzuk. Urautsi apetatsua da, baldintza oso zehatzak behar ditu behar bezala funtzionatu ahal izateko eta baldintza horiek txapelketaren egunarekin bat egitea oso zaila izaten da. Gainera, itsasbeheran egin behar izaten da txapelketa, baldintzak egokienak direnean, eta ondorioz denbora arazoak izaten dira, horregatik mugatzen da parte hartzaile kopurua.

Surfean lau kidez osatutako txandak izaten dira eta lehiakideek hartzen dituzten olatuen artean puntu gehien bildu dituzten bi olatuen batura egiten da. Horrela, puntuazio onena biltzen duten bi lehiakideek lortzen dute txanda pasatzea.

Hala, lau kideko txandak gaindituz, mutilen kasuan finalera iritsi ziren lehiakideak Alex Iriondo zarauztarra, Ethan Egiguren oiartzuarra, Eneko Acero algortarra eta Andy Criere hendaiarra izan ziren. Enekok ezin izan zuen iazko lehen postua errepikatu, baina emaitza on bat lortu zuen.

Gauzak horrela, Andy Crierek txapela Hendaiara eraman zuen. Bigarren postua Eneko Acerok eskuratu zuen. Hirugarren postuan Ethan Egiguren geratu zen, eta laugarren postua Alex Iriondorentzat izan zen.

Nesken kasuan ere lehia gogorra izan zen, baina bizkaitarrak nagusitu ziren. Txapela Leticia Canales bilbotarrak eraman zuen. Bigarren postuan Garazi Sanchez geratu zen, Algortakoa. Hirugarren postua ere bizkaitar batentzat izan zen, Ariane Ochoarentzat, eta laugarrena, Nadia Erostarbe zarauztarrarentzat.

Kantauri Surf Liga

Atzo Zurriolan Euskal Surf Zirkuituari hasiera eman zitzaion, baina bestelako modalitate batean itzuliak amaiera izan zuen; hain zuzen, taldeka egiten den Kantauri Surf Ligako hamargarren eta azken saioa ere Zurriolan izan zen.

2015ean guztira 8 talde aritu dira KSLn, beraz, 120 surflari inguruk hartu du parte. Otsailaren 28an hasi zen itzuliak etenaldia egin zuen Aste Santuan, baina gainerakoan ia asteburuero aritu dira taldeak lehian, eta atzokoarekin, guztira hamar saio egin dituzte. Bidean, sekulako eguraldi txarra eta haizeteak jasan behar izan dituzte, baina olatu onak izandako asteburuak ere izan dira eta, batez ere, ere giro ona nagusitu da.

Mendebaldean, Araba eta Bizkaiko lehiakideez osatutako taldeak aritu dira lehian: Getxo Surf Taldea, Bakio Surf Taldea eta Artzabal-Ogoñope Surf Team dira talde parte-hartzaileak eta aurtengo denboraldiko irabazleak Bakiokoak izan dira.

Erdialdean, berriz, Nafarroa zein Gipuzkoako taldeak lehia daitezke, eta hor parte-hartzaileak ugariagoak izan dira. Zurriola Surf Eskola, Pukas Surf Eskola, Zarauzko Surf Elkartea, Patris Surf Eskola eta Zurrunbilo Ur Kirol Elkartea aritu dira elkarren aurka neurtzen.

Atzoko txapelketaren ostean eta erdialdeko itzulia amaituta, irabazlea Donostiako Pukas Surf Eskola izan zen. Beraz, orain mendebaldean irabazi duen Bakioko taldearen eta erdialdean irabazi duen Pukaseko taldearen arteko finala egitea bakarrik falta da.

Aurten ere ez da ekialdean talderik sortu, baina lapurtarrak gainerako lehiakideekin surf egiten izango dira final handia egiten den egunean. Mendebaldeko zein erdialdeko talde irabazleen arteko finala noiz eta non izango den oraindik zehazteko dago, baina sasoia amaitzeko egingo den ekitaldian, ekialdeko, erdialdeko nahiz mendebaldeko surflariak elkarrekin ariko dira surfean.

Honi buruzko guztia: Surfa