Jon LEUNDA
Aizkora

Iñaki Azurmendi ere Azpeitiko finalean izango da

Arriarangoak ez zuen izan aparteko arazorik Ander Erasun menderatzeko.23 urtez azpikoetan, Eneko Otaño eta Iker Vicente sailkatu ziren.

Iñaki Azurmendik aise lortu zuen Urrezko Aizkorako finala jokatzeko txartela, eta hemendik bi astera Azpeitian izango da Donato Larretxearekin eta Aitzol Atutxarekin batera. Arriarangoak Ander Erasun mendean hartu zuen .

45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu jardun behar izan zuten lehen saioan. Jarraian, erlojuz kontra tamaina bereko enborra bota behar izan zuten. Ondoren, kana-erdiko bat eta 60 ontzako bat zeinek azkarrago erdibitu lehiatu ziren, eta azkenik, lau kana-erdiko eta bi oinbiko moztu behar izan zituzten.

Abiadurako proba izan zen nafar gazteak irabazi zuen saio bakarra, gainerako guztietan nagusi izan baitzen gipuzkoarra. Kolpekakoan, enborra erdibitzeko 37 nahikoak izan zituen, eta bat gehiago behar izan zuen Erasunek. Bigarren proban, erlojuz kontrakoan, Erasun nagusitu zen. Bere lana, minutu eta 16 segundoan amaitu zuen, eta bost segundo gehiago behar izan zituen Iñaki Azurmendik. Hortik aurrera, ordea, berriro ere nagusi izan zen. Bi enbor mozteko, 3 minutu eta 10 segundo behar izan zituen, eta 31 segundoko aldea atera zizkion Erasuni. Azkeneko probara, iraupen probara, alegia, minutu erdiko aldearekin iritsi zen.

Azkenekoa nahikoa bideratuta zeukan Azurmendik, baina hor eman beharra zeukan errematea, eta ez zuen barkatu. Erasun saiatu zen, baina aurkariak ez zion utzi. Lana 20 minutu eta 29 segundoan burutu zuen, eta nafarrak, aldiz, 23 minutu eta 38 segundoan. Lan guztiak burutzeko, 25 minutu eta 37 segundo behar izan zituen Azurmendik, eta 29 minutu eta 13 segundo, aldiz, Erasunek.

Gazteen mailan ere ez zen ezusterik egon, eta Iker Vicentek eta Eneko Otañok lortu zuten finalean izateko txartela. Otsagabikoa eta Beizamakoa ziren faboritoak eta aurrera egin zuten. Eneko Saralegi eta Alberdi izan ziren kanpoan geratu zirenak. Aipaturiko bi finalez gain, 19 urtez azpikoena ere jokatuko da, eta han Etxeberria II.a eta Larrea III.a izango dira aurrez aurre.