Jon LEUNDA
Aizkora

Faboritoak ziren guztiak finalean izango dira

Arria V.a, Mugertza III.a eta Eneko Otaño azkeneko saioan lehiatuko dira.

Arria V.ak, Mugertza III.ak eta Eneko Otañok lortu zuten atzo Aian jokatu zen Gipuzkoako Bigarren Mailako kanporaketan finalerako txartela. Oraindik beste kanporaketa bat geratzen da jokatzeko, eta haiekin osatuko dute finala. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu behar izan zituen. Ikusleek ere erantzun ona eman zuten, jende ugari batu baitzen saioa ikustera.

Bost aizkolari lehiatu ziren, eta bi multzotan banatuta aritu ziren lanean. Aurrenekoan Telletxea eta Eneko Otaño aritu ziren nor baino nor. Beizamako aizkolariak aurreneko enborrean hartu zuen aurre, eta amaiera arte horrelaxe jarraitu zuen. Bukaeran 10 minutu eta 25 segundo behar izan zituen bere lanak amaitzeko, eta 12 minutu eta 9 segundo, berriz, Telletxeak. Ondorioz, Otañoren denbora zen bigarren txandan aritu zirenentzat erreferentzia.

Bigarren txandan, Arria V.a, Mugertza III.a eta Zaldua lehiatu ziren. Arria zen atzoko kanporaketa irabazteko faboritoa, eta baita aurtengo txapelketa bereganatzeko ere. Errezildarrak bigarren enborrean hartu zuen aurre, aurrenekoa Zalduak bota baitzuen, baina hortik aurrera errezildarrak agindu zuen, eta garbi zegoen bera finalean izango zela. Hortik atzerakoekin zen borroka. Zaldua denborarik gehienean bigarren aritu zen, baina azkeneko enborrean Mugertzak aurre hartu zion, eta beretzat izan zen atzoko multzoko bigarren postua, eta baita kanporaketakoa ere. Zalduak multzo hau itxi zuen, eta finaletik ere kanpo geratu zen.

Arria V.ak 9 minutu eta 50 segundo behar izan zituen lan guztiak burutzeko. Bigarren amaitu zuen Mugertza III.ak, eta mutrikuarrak 10 minutu eta 24 segundo behar izan zituen, eta Zalduak, aldiz, 10 minutu eta 58 segundo. Ondorioz, Arria V.a izan zen atzoko onena, eta atzetik, Mugertza III.a, Eneko Otaño, Zaldua eta Telletxea sailkatu ziren. Aurreneko hirurak finalean izango dira, eta oraindik itxaron egin beharko dute euren aurkariak zeintzuk diren jakiteko. Txapartegi, Mujika, Irazu, Alkizalete II.a eta Urteaga arituko dira ekainaren 28an Orion, eta hango hiru onenak ere finalean izango dira astebete geroago Usurbilen.

Hasiera batean atzo aritzekoa zen bestea Unai Otaño zen, baina Ibarrakoa gerrietako arazoekin dabil, aurretik esana zuen publikoki, eta baita Federazioari ere atzokoan ez zela aritzeko moduan izango. Hala ere, aurtengoan izen garrantzitsu asko ari dira Gipuzkoako Bigarren Mailako Txapelketan.

Estreinaldia

Izeta II.aren eta Joseba Ostolatzaren eskolak ari dira euren fruituak ematen eta harri-jasotzaile gazteak agertu eta agertu ari dira. Atzo Etxeberria oriotar gaztea aritu zen lehen aldiz jendaurrean. Joseba Ostolatzaren eskolakoa da, eta Idoia Etxeberriaren anaia. 20 urte besterik ez ditu, eta harri ezberdinekin jardun zuen. Gazte asko ari dira bi eskoletan, eta etorkizunari begira oso itxaropentsu egoteko arrazoiak badaude.

Atzoko saioan bere arrebarekin eta bere maisuarekin aritu zen lanean, eta itxura polita eman zuen. Hemendik aurrera lanean jarraitzea besterik ez zaio geratzen, eta hurrengo pausoa lehiaketetara sartzea izan daiteke, nahiz eta horretarako denbora izango duen; gidaria behintzat bikaina dauka.