Politikari so
Umetan, adi-adi jarraitu ohi nituen hauteskunde gauak telebistan. Oroitzen dut, batetik, inoiz ez nuela batere argi izaten nor izaten zen garaile, ordezkari guztiak agertzen zirelako beti ase eta alai-antzean, eta, bestetik, gizon-kontua iruditzen zitzaidala, eurenak bakarrik zirelako hitza eta argazkia.
Ez nuen piperrik ulertzen, eta, gainera, hauteskundeak nahiko antzekoak egiten zitzaizkidan elkarren artean, aspergarri samarrak, ustekaberako aukerarik gabeak. Bozkatzen ere honelaxe hasi nintzen egiten, paper-zatiek zerbaitetarako balioko ote zuten konbentzimendu eskasarekin; geroago, are zailagoa bihurtu zen ilusioz egitea, ezinezko misio. Halere, sekula ere hutsik egin gabe, bozkatu eta hauteskunde gauak irentsi ditut aitaren behialako hitzak iltzatuta geratu zitzaizkidalako. Esaten zuen jendeak politika interesatzen ez zitzaiola zioenean, bere buruaren aurka egiten ari zela, ezikusiarena eginda bere herriari, bere lanari, bizitzeko baliabideen banaketari, bere nortasunari, bere etorkizunari, azken batean. Eta nik sekula ez dut izan gogorik horiekin guztiekin axolagabekeriaz portatzeko, inporta zaidalako nori ematen diogun boterea gure bizimoduaren alderdi askori eragingo dioten hainbeste konturekin joka dezan; agerikoa delako, halaber, utzikeriak ziurtasunez ez digula batere onurarik ekarriko, alderantzizkoa baizik.
Horrenbestez, joandako hauteskundeetan –garaiak aldatu dira eta sorpresak han eta hemen jasotzen ditugu–, berriz egin nituen gauza biak: bozkatu eta hauteskunde gaua ikusi. Orain, argiago daukat nork hartzen dituen disgustuak, neuk ere eramaten ditut neureak; garbi ikusten dut nor ateratzen den emaitzek benetan aseta, neuri ere itxaropena pizten zait tarteka. Orain, batik bat, sentipen gozoa daukat gero eta gutxiago dela gizon-kontua; mikrofonoetatik hizketan askoz ere emakume gehiago daude, ez ditut txikitan lez senarraren besoari oratuta ikusten, hautagai nagusiak ere badira.
Biharamunean, erabakiak hartzeko aulkietan eseriko direnak, beste emakume batzuen bulegoetan ere bai. Emakume izate hutsa, jakina, ez da onaren berme; zenbat emakume, hainbat politika molde. Baditugu horren adibideak bat baino gehiago, baina, halere, eskubidea dugu emakumeok, jendartearen erdiak, politikan aritzeko eta ordezkariak izateko, esparru publikoan benetan eragiteko. Momentuz, horietako batzuek lortu zuten hauteskunde gaua, behintzat, zertxobait alaitzea.