J.L.
Aizkora

Faborito guztiek lortu dute Gipuzkoako Bigarren Mailako finalean izateko txartela

Ez zen ezusterik izan, eta Jexuxmari Mujikak, Luix Txapertegik eta Jon Irazuk lortu zuten atzo Orion datorren asteburuan Usurbilen jokatuko den Gipuzkoako Bigarren Mailako finalean aritzeko txartela. Beraiekin batera lehendik ere sailkapena lortuta zuten Arria V.a, Mugertza III.a eta Eneko Otaño ariko dira. 

Bost aizkolari lehiatu ziren atzo bigarren kanporaketan. Bakoitzak bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu behar izan zituen. Bi txandatan banatuta aritu ziren. Aurrenekoan, Mujika eta Txapartegi aritu ziren, eta beraienak izan ziren, gainera, atzoko bi denborarik onenak. Txanda Mujikak irabazi zuen. Norgehiagoka oso polita eskaini zuten bi aizkolariek, eta amaieran sei segundoko tartea bakarrik egon zen.

Bigarren txandan aritu ziren beste hiru aizkolariak, eta Irazuk hasieratik hartu zuen aurre. Bazekien horri eustearekin nahikoa zuela eta horixe egin zuen, azkenean finalerako txartela eskuratuz. Alkizalete eta Urteaga sailkatu ziren atzetik.

Lan guztiak bukatzeko 10 minutu eta 17 segundo behar izan zituen orotara Mujikak. Sei segundora sailkatu zen Txapartegi, 25 segundora Irazu, minutu eta 57 segundora Alkizalete II.a eta hiru minutu eta 12 segundora Urteaga.