Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Surfa

WSL 2015 zirkuitua:Goi mailako lehiakideak prest

Etzi Hegoafrikan hasiko den WC itzuliko seigarren probarako prest daude goi mailako lehiakideak. Fijiko ezker olatu luzetik, Jeffreys Bayko eskuin olatu mitikora egin behar dute munduko surflari onenek. Lehia handiena australiar eta brasildarren artean izaten ari da.

Etzi hasiko da Hegoafrikan munduko CT itzuliko seigarren proba. Aurrerantzean hilero txapelketa bat izango dute TOP 34ko lehiakideek, eta urtero bezala, hamaikagarren eta azken proba Hawaiiko Pipeline urautsi mitikoan izango da. Baina oraindik gauza asko gerta daitezke hemendik eta abendua bitartean.

Nesken kasuan ere, TOP 17 zerrenda osatzen duten lehiakideak inoiz baino maila handiagoa ari dira erakusten eta hil honen amaieran Kaliforniako Huntington Beach hondartzan izango den munduko txapelketarako prestatzen ari dira. Mundu mailako txapelketen itzuliak bere onenean dira, beraz.

Men’s Samsung Galaxy Championship Tour

Aurtengo CT zirkuitua hasi zenetik norabide aldaketa andana gertatu dira. Bost txapelketetatik hiru brasildarrek irabazi dituzte, eta horietatik bi lehiakide berak irabazi ditu gainera, Filipe Toledok alegia. Beste bi txapelketetan australiarrak gailendu dira eta badirudi aurtengoan lehiak horrela jarraitu behar duela, alegia brasildar eta australiarren artean.

Mutilen munduko itzulia hasi berritan bazirudien aurtengoan brasildarrak erraz nagusituko zirela, Toledo, De Souza edo Medina bezalako lehiakideek arerio esanguratsuenak kaleratzen zituzten, baina itzuliak aurrera egin ahala orain artean ranking orokorrean goi mailako postuetan egon ez arren kontuan hartzeko lehiakideak direla frogatu dute surflari batzuek.

Ekainean Fiji uharteetan izan zen txapelketan, esaterako, Owen Wright australiarra izan zen ezbairik gabeko izarra. Txapelketa irabazi bakarrik ez, topiko eta uste asko birrindu zituen Culburra hondartzako ezker surflariak.

Aspaldi ez zuen goofy (ezker surflaria) batek txapel bat eskuratzen, baina hori bakarrik ez, oso gutxi dira surfaren historian txapelketa berean bi hogeiko jaso dituztenak. Bi txanda desberdinetan bi hamarreko bildu zituen Wrightek, eta bi txanda horietako bat, gainera, finala zen. Sekulako puntuazioak lortu zituen lehiakide honek, izan ere, hamarrekoez gain bederatzi puntuko olatu asko egin zituen.

Brasildarrek emaitza txarrak egin zituzten Fijin eta australiarrek berriz oso onak. Final-laurdenetan esaterako, zortzi lehiakideetatik bost australiarrak ziren. Gauzak honela, itzuliko bosgarren probaren ostean aldaketa esanguratsuak izan ziren CT rankingean.

Etzi Jeffreys Bayko eskuin olatu famatuan hasiko den txapelketaren atarian, brasildarrak dira nagusi rankingeko lehen bi postuetan, Adriano De Souza lehen postuan eta Filipe Toledo bigarrenean. Haien atzetik australiar ugari, hirugarren postuan Owen Wright aurkitzen da, laugarren Mick Fanning, bosgarren Julian Wilson eta seigarren Taj Burrow.

Beraz, argi dago lehia noren artean dagoen. Galdera da, J. Bayko txapelketaren ostean brasildarrak edo australiarrak gailenduko diren. Izan ere, oraindik urtea amaitzeko proba asko falta denez, herrialdeka sailka daitezke lehiakideak, baina amaiera aldera nazionalitate bat edo bestea ahaztu eta izen-abizen zehatzak izango dira protagonista. Ikusteko dago zer gertatuko den, baina oraingoz lehia zinez interesgarria ari da izaten.

Women’s Samsung Galaxy Championship Tour

Goi mailako neskak ere (TOP 16) aritu ziren lehian Fijin, eta Sally Fitzgibbons australiarrak lortu zuen txapela eta bigarren postua berriz Bianca Buitendag hegoafrikarrak eskuratu zuen. Nesken kasuan ere ranking orokorrean aldaketa esanguratsuak izan ziren, baina mutilen kasuan ez bezala nesken rankingean Carissa Moore hawaiiarrak jarraitzen du buru, eta beraz, ez da aldaketarik gertatu lidergoari dagokionez.

Carissaren atzetik, egun estatubatuar bat da bigarren postuan, Courtney Colongue eta hirugarren postuan Fitzgibbons, azken txapelketako irabazlea. Orain artean egin diren bost txapelketetatik bi Carissa Moorek irabazi ditu eta beste bietan Fitzgibbons izan da garaile.

Aurtengoan, guztira hamar txapelketek osatuko dute nesken goi mailako zirkuitua, eta gehienetan mutilekin batera ariko badira ere, badira txapelketa bereiziak. Hurrengoa esaterako, itzuliko seigarren txapelketa, Huntington Beach Kaliforniako hondartza famatuan izango da. Olatu ahul eta eskasak dituen hondartza da Huntington, beraz lehiakideek teknika handia erabili beharko dute, eta halakoetan oso garrantzitsua izaten den faktoreak ere eragin handia izango du, alegia zortea. Hil honen amaieran Kalifornian neskek jokatuko duten txapelketak beraz, aurtengo itzuliak har dezakeen norabidea zehaztu dezake.

Ballito PRO

Goi mailako txapelketen testuinguru honetan, atzo bertan amaitu zen Hegoafrikan urtero egiten den Ballito Pro txapelketa ospetsua. Txapelketa garrantzitsua da, QS mailan izan daitekeen txapelketa mota gorena baita, alegia 10.000 puntukoa, lehengo PRIME kategoriaren parekoa. Txapelketa honetan ere lehia nagusia brasildar eta australiarren artean izan zen. Gauzak honela, finalean Alejo Muniz brasildarra eta Davey Cathels australiarra izan ziren buruz buru.

Muniz izan zen garaile Balliton. 9’33 eta 7’83 puntuko olatuak egin zituen brasildarrak, beraz, puntuazio altua lortu zuen, eta garaipen honi esker QS rankingean lidergoa eskuratu ahal izan zuen Munizek. Puntu hauek guztiak beharrezkoak izango ditu datorren urtean CT mailan egoten jarraitu nahi badu.

Honi buruzko guztia: Surfa