Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Zarautz
Surfa

J-Bayko txapelketa bertan behera marrazo baten erasoaren ostean

Jeffreys Bayko finala hasi eta gutxira marrazo zuri batek Mick Fanning lehiakideari eraso egin zion. Australiarra onik atera zen, baina antolatzaileek txapelketa bertan behera uztea erabaki zuten eta, beraz, ez da irabazlerik izan aurten Hegoafrikako txapelketan.

0720_J_Bay_marrazoa.jpg
0720_J_Bay_marrazoa.jpg

Marrazo baten erasoa jasotzeko aukerak oso urriak omen dira. Sarri entzun ditugu adituak esaten gauean, egunsentian edo ilunabarrean erasoa izateko aukera gehiago dagoela, baita eguraldi txarra eta euria egiten duen egunetan kostaldean marrazo gehiago izaten dela ere, baina atzo Jeffreys Bayen gertatutakoak marka guztiak hausten ditu.

Marrazoak sarri ikusi izan dituzte urautsi famatu honetan lehiakideek, eta arrazoi horregatik txapelketa eten ere egin izan da, baina marrazo batek lehiatzen ari den surflari bati erasotzea ez da batere ohikoa. Atzokoa munduko lehiaketen historian lehen aldia izan zen.

Marrazoaren erasoa zuzenean

Arratsaldeko hiruretan amaitu ziren Hegoafrikan egiten ari ziren mundu txapelketako finalerdiak. Batetik, Julian Wilson, Adrian Buchan australiarra kaleratu ostean, finalerako prest zegoen. Bestetik, Mick Fanningek Kelly Slater kaleratu zuen. Hala, finalean bi australiar ziren buruz buru.

Euskal Herria eta Jeffreys Bay, munduko meridianoa kontuan hartzen bada, antzeko longitudean daude eta ondorioz ordu bera da hego hemisferioko lurralde horietan eta gurean.

Arratsaldeko hiru eta erdiak aldera hasi zen finala. Eguraldi bikaina zen eta metro beteko eskuin olatu politak zeuden. Julian Wilsonek eskuin olatu eder bat hartu zuen eta oso ondo marraztu zuen, baina azken ariketan erori egin zen. Txanda hasi baino ez zen egin, eta bozgorailuetatik Wilsonen olatuaren puntuazioa ematen ari ziren, pantailan Mick Fanning urautsian olatu baten zain zegoela ikus zitekeen bitartean.

Bat-batean, Mick Fanningek mugimendu arraro bat egin zuen, bere atzealdean zerbait balu bezala, eta segituan konturatu zen marrazo handi bat gainean zuela. Marrazoarekin borrokan aritu ostean taula galdu zuen eta albo batera igeri egiteari ekin zion. Txapelketa zuzenean ematen ari ziren eta, kasualitatez, momentu horretan kamerak Fanning grabatzen ari ziren; beraz, ikusleek marrazoen erasoa istantean ikusi ahal izan zuten.

Artean Wilsonek Fanning zegoen aldera arraunean ari zen, baina sorosle eta begiraleak segituan konturatu ziren zer gertatzen ari zen eta uretako motorrekin segundo gutxiren buruan bi lehiakideak erreskatatu ahal izan zituzten.

Miraria

Urduritasuna nagusitu zen, batez ere lehorrean, ikusleek pantailan ikusi ahal izan zuten moduan Fanningi marrazo batek eraso baitzion. Fanning, ordea, ondo zegoen; ez zuen zauririk, marrazoak txikota moztu zion soilik. Sustoa, ordea, sekulakoa izan zen. Denbora behar izan zuen dardarka zuen gorputza bere onera ekartzeko.

Fanning bizirik ateratzea mirari moduko bat izan zen eta honek gertuko jendearengan zirrara eragin zuela nabarmena zen; izan ere, bi lehiakideak lehorreratu zirenean gainerako lehiakide eta lagunen besarkadak jaso zituzten.

Antolatzaileek txapelketa eten zuten, baina zer egin erabaki beharra zegoen. Bitartean, Fanning eta Wilson kamera aurrean elkarrizketatu zituzten. Biak oso hunkituta zeuden, eta oraindik shock egoeran zeudela onartu zuten.

Txapelketa bertan behera

Antolatzaileek erabakia hartu bitartean datu gehiago atera ziren argitara; esaterako, Fanningi bi marrazo zurik eraso ziotela eta ez bakar batek. Minutu gutxiren buruan argazki eta bideoak ziztu bizian zabaldu ziren sare sozialetan. Fanningek ondoan zuen marrazo hegatsak gezurrezkoa zirudien, baina ez zen trukatutako irudi bat, sarean bueltaka zebilen argazkia egiazkoa zen.

Ordu baten buruan WSL erakundeak eta Jeffreys Bayko antolatzaileek hartutako erabakiaren berri eman zuten. Hona hemen argitaratutako oharra: «Esker onez gaude gaurkoan inor zauritu ez delako. Mick Fanningek suertatu zaion egoera beldurgarriaren aurrean izan duen jarrera eta azkartasuna heroikoa izan da, eta salbamendu taldeko kideek egiten duten lana ere goresgarria da. WSLrentzat lehentasun bat da gure atleten segurtasuna, eta bi finalistekin hitz egin ostean, J. Bayko txapelketa bertan behera uztea erabaki dugu. Beste behin ere Hegoafrikan daukagun babesa eskertu nahi dugu eta salbamendu taldeari gure esker ona erakutsi nahi genioke».

Gauzak horrela, ez da txapeldunik izan Jeffreys Bayn aurten. CT itzuliko seigarren proban ez da irabazlerik izan eta, ondorioz, finalean ziren bi lehiakideak bigarren postuan geratu balira bezala da.

Australiarrak gora rankingean

Txapelketa honen ostean, Adriano de Souza brasildarrak jarraitzen du lehen postuan, baina aldaketa nabarmenak ere izan dira ranking orokorrean. Bigarren postuan zen Filipe Toledok bi postu egin ditu behera, eta egun, laugarren postuan da.

Jeffreys Bayko txapelketaren ostean, Mick Fanningek bigarren postua eskuratu du CT rankingean, eta bere atzetik hirugarren postuan, atzokoan finalean aurkari behar zuen surflaria dago, hots, Julian Wilson. Bosgarren, Owen Wright australiarra eta seigarren, bost postu gora egin ostean, Kelly Slater estatubatuarra, hamaika bider munduko txapeldun izandakoa.

Gauzak horrela, lehia nagusia australiar eta brasildarren artean dago egun. Abuztuaren 14an hasiko da CT itzuliko zazpigarren txapelketa, Tahitin, Teahupooko ezker olatu beldurgarrian eta, ondorioz, datozen asteetan tubo borobiletan aritzeko prestatu beharko dira Top 34ko lehiakideak.

Honi buruzko guztia: Surfa