Jared Houston hegoafrikarra garaile Arica Pro lehiaketan
Jared Houston hegoafrikarrak irabazi du APB bodyboard zirkuituko bigarren proba. Txilen sekulako olatuak izan ziren txapelketak iraun zuen artean, hiru metroko olatu indartsu eta borobilak, beraz, lehiakideak, antolatzaileak eta ikusleak gustura geratu dira.
Txileko kostaldean, iparraldean, bada Arica izeneko hiri bat, Peruko mugatik oso gertu, eta han inguruan aurkitzen da El Gringo deitzen duten urautsia. Olatu borobil bat sortzen da sakonera gutxiko uretan, uharri zorrotzen gainean, ezker-eskuin, eta tuboak egiteko olatu ezin hobea da. Urautsia El Alacran uhartean dago eta mundu osoan egin da ezaguna azken urteetan, mundu mailako surf eta bodyboard txapelketak egin baitira bertan.
Esan bezala, ikuskizuna sekulakoa izan zen txapelketan, eta finala bera ere ez zen gutxiagorako izan. Amaury Lavernhe Reunion uharteetako lehiakidea eta Jared Houston hegoafrikarra izan ziren buruz buru. Ikuskizun bikaina eman zuten biek eta azkenean Houston izan zen txapela eskuratu zuena.
Bigarren postua eskuratu zuen Lavernhe lehiakideak aurtengo itzuliko lehen proba irabazi zuen Brasilen, Itacoatiara Pro txapelketa hain zuzen ere. Orain artean bi txapelketa bakarrik egin dira, eta lehen postu batekin eta Txileko bigarren postuarekin egun ranking orokorrean buru da Lavernhe. Munduko APB bodyboard ranking orokorrean bigarren postuan Jared Houston hegoafrikarra dago uneotan, eta, bere atzetik, brasildar bat, Uri Baladao.
Arican final laurdenetara iritsi zen Alex Uranga zumaiarrak, berriz, sei postu egin ditu gora Txileko txapelketaren ostean eta egun hamaikagarren postuan da ranking orokorrean.
APB zirkuituko hurrengo txapelketa aste honetan bertan hasiko da, uztailaren 28an, Txile iparraldeko Antofagastako eskualdean. Beraz, lehiakideek Txilen jarraituko dute oraingoz.