Arria V.ak mendean hartu du Rekondo
Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligan Arria V.ak ordezkatu zuen Iñaki Azurmendi, eta errezildarrak mendean hartu zuen atzo Jon Rekondo. Errezilgo aizkolariak gogor lan egin behar izan zuen garaile ateratzeko, eta iraupen probara arte ezin izan zuen garaipenik ospatu.
Bilbon jokatu zen neurketa, eta beroa izan zen saioko protagonista nagusia. Sei lan ezberdin egin behar izan zituen aizkolari bakoitzak. Gipuzkoarrak azkenekoa bakarrik irabazi zuen, eta nahikoa izan zuen azkenean bi puntuak batzeko.
45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu izan zen egin beharreko aurreneko lana, eta Rekondok irabazi zuen, enborra 54an erdibitu eta zortziren aldea ateraz. Bigarren lanean, aizkolari bakoitzak tamaina bereko enborra erlojuz kontra ebaki behar izan zuen, eta berriro ere nafarra izan zen onena, enborra minutu eta 26 segundoan bota baitzuen, aurkariari zazpi segundoko alde aterata.
Bi lan amaituta, eta Rekondok 15 segundokoa zuen alde. Hirugarren saioan, zutikako 45 ontzakoa ebaki behar izan zuten, eta berriro ere Leitzakoa izan zen aurrena, egin beharrekoa bi minutu eta 16 segundoan amaituta. Arria V.ak, berriz, hiru minutu eta segundo bat behar izan zuen.
Laugarren lanean 60 ontzakoa bota behar izan zuten, eta hor berriro ere nafarra gailendu zen. Lana amaitzeko bost minutu eta erdi behar izan zituen, eta hamalau segundo atera zizkion Arria V.ari. Lan bakar bat falta zen saioa amaitzeko, eta Jon Rekondok minutu eta hamalau segundoko tartea zuen alde. Bazirudien garaipena segurtatuta zeukala, baina ez zen horrela izan.
Iraupen proban aizkolari bakoitzak sei kana-erdiko ebaki behar izan zituen, eta hor Arria V.a. jaun eta jabe izan zen. Hasieratik aurrea hartu zuen, eta gero eta zulo handiagoa egiten joan zen, amaieran proba eta saioa irabazteko. 19 minutu eta 39 segundo behar izan zituen lan horiek burutzeko, eta 21 minutu eta 36 segundo, Rekondok. Horrela, lan guztiak egiteko, 30 minutu eta 59 segundo behar izan zituen Arria V.ak, eta 31 minutu eta 42 segundo, Rekondok.
Gasteiz
Asteazkenetik aurrera, Gasteizko Foruen Plazan, egunero izango dira herri kirol jaialdiak, Andre Maria Zuriaren jaien barruan, eta bertan Arabako hainbat txapelketa jokatuko dira. Etzi, 12.00etan hasita, Lehen Mailako aizkolarien finala jokatuko da, eta han arituko dira Jauregi, Zubiaga, Kortxero, Kintana eta Rodriguez II.a.
Saio berean, nesken Lokotx-biltze Txapelketa ere jokatuko da, eta Gulova, Anduaga, Frutos eta Ircio neurtuko dira elkarren aurka, eta azkenik, mutilen lasto-altxatzekoa ere jokatuko da, eta Lopez, Franco, Lauzirika, Alava eta Atutxa lehiatuko dira. Ostegunean, ostiralean eta larunbatean ere izango dira txapelketak, eta igandean erakustaldia izango da.