Emakumeen agerraldi sutsua hormatzar alpino gogorretan
Barbara Zangerl-ek «Bellavista» (8b+) lortu du.Emily Harrington-ek, berriz, «Golden Gate» (8a).Sasha DiGiulianek «Magic Mushroom» bidea (7c+)sinatu berri du. Nina Caprezek «HannibalsAlptraum» marra (8a) igo du. Eta Federica Mingollak«Digital crack» (8a) poltsikoratu du.
Lerrootako hurrengo protagonistak emakumezkoak dira; guztiak ala guztiak eskalatzaileak. Eta azken bolada honetan argi asko erakutsi dute horma alpinoetan ondo baino hobeto jarduten dutela. Uzta oparoa sinatu dute; goi mailako bide luze eta gogorrak.
Baina nortzuk ote dira protagonistok? Bada, honako hauek: Barbara Zangerl, Emily Harrington, Sasha DiGuilian, Nina Caprez eta Federica Mingolla. Orain dela urte batzuk, bederen, hauek guztiak boulderrean zein kirol eskaladan sinatzen zituzten jarduerengatik ezagunak ziren. Urteen poderioz, pareta alpinoetara trantsizioa egin dute, eta lortutako emaitzak azpimarratzekoak dira.
«Bellavista»
Barbara Zangerl da gure lehen protagonista. Nahiz eta blokean zein kirol eskaladan berri esanguratsuak eskaini dituen, pareta luzeetan ere ez da atzean geratu. Datu bat soilik: austriarra “Trilogia alpinoa” sinatu duen emakume bakarra da. Hots: “Silbergeier”, “Des kaisers neue kleider” eta “End of silence”. Guztiak ala guztiak 8b+ gradukoak.
Bada, uztailean, Zangerlek “Bellavista” bidea (8b+, 240 m, Lavaredoko mendebal gailurra) igotzea lortu du. Hori egin duen bigarren neska da; lehena, Sasha DiGiulian izan zen.
Berez, Dolomitetako marra hori iaz probatu zuen; hamabost egunez, gutxi gorabehera. Aurten berriro itzuli eta «ezustean» “Bellavista” eskuratu du. Eta ezustean diogu, austriarrak marra probatzera joan zen egunean kateatu zuelako. Goizeko hamarretan hasi zen eskalatzen, luze guztietan sokaburu, eta bidearen zailtasun guztiak erorikorik gabe gainditu zituen. Arratsaldeko zazpiak ziren, eta Zangerlek eta bere sokakideak “Cassin” marratik jarraitu zuten. Gauak harrapatu eta tontorrera ematen duten azken luzeak kopetako argiarekin egin zituzten.
«Bellavista»-n eginiko lanari buruz egun handia izan zela adierazi du eskalatzaileak: «Bide hau niretzat erronka gogorra izan da, batez ere buruari asko eragin diodalako. Izan ere, luze guztiak sokaburu gisa igo nituen».
«Golden gate»
Bien bitartean, Emily Harringtonek Kapitaineko (Yosemite) “Golden Gate” bidea poltsikoratu du. Bide hori lortu duen bigarren emakumezkoa da; lehena, Hazel Findlay izan zen duela lau urte.
Kapitaineko bide guztiak bezala, “Golden Gate” luzea da: 950 metro eta 41 luze. 2.000. urtean, Alex eta Thomas Huber anaiek era askean igo zuten, eta ordutik hona hormatzar horretako klasiko handia bihurtu da. Findlayk ez bezala, Harringtonek bide osoa sokaburu egin zuen. Eskalatzailearen lanak sei egun iraun zituen, eta egun guztiak paretan igaro zituen.
Bestalde, bitxia bada ere, aipatu behar dugu hormatzarretan izan duen lehen eskarmentua izan dela. Beraz, eite hori azpimarratzeko modukoa da. Behin “Golden Gate” era librean eskalatu ondoren, protagonistak adierazi du abentura gogorra izan dela: «Niretzat luze gogorrena zortzigarrena izan da; 8a gradukoa. Baina zinez diot luze errazik ez dagoela. Lasai asko esan dezaket nire ibilbidean izan dudan erronka zailena “Golden Gate”-n bizi izan dudana izan dela. Amaiera aldera, leher eginda nengoen, zutik egoteko arazoak nituen, atzamarrak irekita nituen, beldur handia pasatu dut...».
«Magic Mushroom»
Sasha DiGiulianek, bestalde, Eigerreko ipar horman dauden bide ekipatuei gustua hartu die; izan ere, azkenaldion, besteak beste, “Magic Mushroom” marra (7c+) igo du. Bide hori sinatu duen lehen neska da.
Berez, 22 urteko estatubatuarraren helburu nagusia “Paciencia” marra (8a, 900 m) da. Probatzen hasi zen, baina zazpigarren luzea, 8a-koa, blai eginda zegoen eta ezinezkoa zen probatzea.
Egoera hori ikusita, eskalatzailea ondoan dagoen “Magic Mushroom”-en sartu zen. 20 luze ditu eta zailtasun gorena 7c+ da. DiGiulianek hiru egun behar izan ditu marra hori era askean igotzeko. Abuztuaren amaieran erdietsi zuen, eta protagonistak esan duen bezala, “Paciencia” ez bezala, “Magic Mushroom” baldintza egokietan zegoen: «Lehor zegoen; alabaina, sekulako ahalegina egin behar izan dut. Nire bizitzan inoiz egin dudan eskalada zailena izan da. Oso gorabeheratsua izan da; une zailekin zein onekin. Baina asko ikasi dut, eta hori izan da garrantzitsuena».
«Hannibals Alptraum»
Laugarren protagonista Nina Caprez da. Bada, eskalatzaile suitzarrak Ratikonen duela ia 30 urte zabaldutako “Hannibals Alptraum” bidea eskalatu du. Marra honek 5 luze ditu (7b+, 8a, 8a, 8a eta 7b+) eta oso gutxitan errepikatu da. Eskalada honetan, gainera, Marc Le Menestrel eskalatzaile historikoa alboan izan du.
Caprezek adierazi du Ratikoneko beste bide batzuekin alderatuta igo berri duena oso ezberdina dela: «Nik, adibidez, ‘Silbergeier’ (8b+) eskalatu dut. Graduan zailagoa da, baina ‘Hannibals Alptraum’-ek berezitasunik badu. 80ko hamarkadan zabaldu zen, eta garai horretako estilokoa da. Ezagutu eta probatu nahi nuen, eta horregatik Marc-ek lagundu zidan. Asko kostatu zaigu, eta aitortu behar dut oso-oso gogorra izan dela. Bigarren egunean, adibidez, 20 metroko 10 eroriko izan nituen! Burua suntsituta nuen. Marc-i ere buruhauste handiak eman zizkion. Ez da egin dudan eskalada zailena izan, baina, bai, zailenetarikoa».
«Digital Crack»
Azken protagonista Federica Mingolla dugu. 21 urteko italiarrak Cosmiques ertzean (Mont Blanc mendilerroa) dagoen “Digital Crack” bidea (8a) errepikatu du. Hori bai, marra hori era askean igo duen lehen neska izan da.
Berria, berez, gure kolaboratzaile Rafa Elorzak eman zigun. Aiguille du Midira igo ondoren, Grand Gendarmen dagoen marra horretan emakumezko bat eskalatzen ikusi zuen. Argazki-kamera atera, zooma jarri eta hainbat argazki atera zizkion. Eta Elorzarena da, beraz, artikulu honetan azaltzen den Mingollaren argazkia.
Gogora dezagun, bide hori 3.800 metroko garaieran dagoela; hots, altuera horretan dagoen marrarik zailena. Eskalatzaileak ere eite hori azpimarratu nahi izan du: «Garaiera nabaritzen da, batez ere ohartzen zarenean 8a bat eskalatzen ari zarela. 30 eroriko baino gehiago izan nituen, oso teknikoa da eta oreka ondo mantendu behar duzu. Granitoan ohituta nago, baina eremu eta garaiera horretan eskalatzea ezberdina da oso. Berezia izan da oso».