Puten gainean
Ekainaren 30ean eta irailaren 8an –alegia, bihar– Bidasoan Alardean ibiltzen garenok iraintzeko gehien erabiltzen duten laidoa «putak» da, edo horren alabak. Gehienetan, bollera, tortillera edo lesbianei eskainitako jite horretako ele gaizto askotarikoz, belaunaldiaren arabera, lagunduta. Zer eta berdintasunerako gure eskubidea aldarrikatzen dugulako, besterik ez. Bada, gaurkoan putei buruzkoa izango da hauxe.
Ahaldundutako putez, euren duintasuna eta beren hankartearekin gogoak ematen diena egiteko eskubidea defendatzen ari direnez. Ozta-ozta edota putetxeetan bahituta bizi direnez. Gorputza barik bestelakoak saltzen dituzten putez, beren garuna eta jakinduria ondoen ordaintzen duenaren eskura jartzen dituztenez, edo beren xarmei esker gizon baten bizkarretik bizi direnez... ez dago zertan urrunera joan, prentsa arrosari erreparatu besterik ez dago.
Bada, era berean, obarioak eta potroak mahai gainean jarrita munduko lanbiderik zaharrenak dakarren «arazoari» eta horren ondorioei aurrez aurre heldu nahi dien erakunde bati buruz, beldurrik gabe aurre egin diena zenbait emakume feministaren –zuriak, erdi-goi mailako klasekoak– ahots boteretsuei. Aurka egin die zer den duina eta zer ez eta beste emakume batzuek zein lan egin dezaketen eta zein ez esateko ausardia dutenei. Emakume feminista zuri eta erdi-goi mailako klaseko horiek sarri etxea garbitzen dieten emakumeez ari dira, bestelako aukerarik ez dutenez, edo, beste barik, puta izatea erabaki dutenez.
Informazio zehatza kazeta honetan ikus daiteke, abuztuaren 24ko alean; hortaz, ez ditut alferrik galduko lekua eta denbora, ez neurea, ez hauxe irakurtzen duenarena, Amnesty International erakundeak prostituzioaren despenalizazioaren alde abian jarritako kanpainaren berri ematen. Iradoki baino ez diot egingo, interesa duenari, Itziar Zigaren “Malditas” liburua –Txalaparta, 2014– irakurtzeko, edo Googlen sartu eta prostituzioaren erabateko ilegalizazioa babesten duten feministen izenak sartzeko, horixe defendatzen dutenenak pentsatu barik zer eragin diezaiokeen bestelako aukerarik ez duenari, edo nahi ez duenari, eta bere gorputzaren jabe izatea erabaki duenari. Gaiaren ñabardurez sakonago jabetzeko, sikiera. Izan ere, Enbeitak diputatuen kongresuan abortu eskubidea defendatzeko adore handiz esan zuen bezala, gure aluan geuk agintzen dugu, edozeinen eskubidea badirudi ere debeku eta baimenen ezarpena.