Josu Zabala: Oroimena eta Justizia
1976ko irailaren 8an Josu Zabala Erasun bi tiroz akabatu zuen Enrique Pascual Diego guardia zibilak Hondarribian. Gasteizko Martxoaren 3ak utzitako testuinguru bortitzaren zurrunbiloan, Guardia Zibila gupidarik gabe ari zen, beste behin; Franco hil berria, Erreforma zen Estatuaren indar faktikoek sendotu behar zuten aukera bakarra, bai ala bai. Aurrez aurre, Askapen Mugimendua eta Euskal Herriko herri mugimendu antolatua, Erreformari haustura demokratikoz erantzunez.
Bizkarretik emandako tiroz hil zuten Josu, aldez aurretik Montejurran edota uztailean Santurtzin gertatu bezala, gaur egun estrukturala deituko geniokeen Estatuaren biolentziak hil zuenean. Hondarribiko zinegotzi guztiek dimisioa aurkeztu zuten, orduan.
39 urteren ondoren, Egiari Zor-en eskutik Hondarribiko Udaleko eta kultur eragile zein antolakunde politiko eta sindi- kal zabaleko ordezkariek Josu oroitu dute San Pedro kalean.
Kontuan hartzekoa ez ezik, egun bizi dugun testuinguru politikoan zoriontzekoa da, zinez, deitzaileen aniztasuna. Elkartasun keinutik harago, memoria historikoa zein erantzukizun politikoa bezala- ko kontzeptuak ate joka izan ditugu Hondarribian; kontua ez baita ea nork bildu duen puxtarria, askea nahiko genukeen etorkizuna iraganak utzitako zauriak behar bezala ixtetik eraikia izan behar duenaren konbentzimenduak baizik. Zauriak sendatu? Akaso.
Has gaitezen, beraz, egia lehen lerroan jartzen, behingoz. Egia osoa, mozorrorik gabea, politikoak diren interesetatik askea, trukeko txanponik eskatzen ez duena. Justizia, noizbait herri honetara etorri- ko bada, egiaren eskutik etorri- ko baita. Josu Guardia Zibilak hil zuen; baina garai hartako Estatu aparatuek hauspotutako erabaki politikoaren ondorio izan zela salatu behar da, ozen, inpunitateak babestua eta hitzartutako isiltasunak lurperatua.
Erreparazioak egia jakitetik erantzukizun eskaeraren pasabidetik ibili behar duelako, sendiak merezi duelako, herri honen memoria aldeba- karrekoa ez delako; eta Justiziak kulunkatutako herri askea dugulako amets: egia, memoria eta justiziaren eskutik, Josu gogoan zaitugu!