Andoni ARABAOLAZA
KIROL ESKALADA

Hamar eguneko tartean, Bittor Espartak beste bi 8c sinatu ditu

17 urteko eskalatzaile bilbotarra buru-belarri ibili da Baltzolako koban. Lortutako sasoi puntuari esker,Esparta gai izan da «White zombie» eta «Nuska» kateatzeko. Dagoeneko, 8c graduko lau bide ditu.

Bittor Espartak 17 urte baino ez ditu, baina erakusten ari da Euskal Herriko kirol eskaladaren harrobian erreferente bat dela. Azken hilabeteotan, bilbotar gaztea urrats garrantzitsuak egiten ari da. Horren guztiaren isla da ekainetik iraila bitartean 8c zailtasuneko lau bide sinatu dituela.

Lehen bi 8c gradukoen berri pasa den ekainean eman genizuen; hain zuzen ere, Gaubean (Valdegovia) erdietsitakoak. Hurrengo bi hilabeteetan gogor entrenatu eta arrokan bikain estutu ondoren, irailean emaitza esanguratsuak iritsi dira.

Oraingo honetan, Baltzolako koba izan da Espartak aukeratutako “agertokia”. Eta poltsikoratutako “lanak”, berriz: “White zombie” eta “Nuska”. Aurreratu dugun bezala, biak ala biak 8c zailtasunekoak. Beraz, gaztearen udako uzta oso oparoa izan da: lau 8c!

Espartak GARAri adierazi dionez, uda garaian oso sasoiko ibili da: «Oporretan hilabete eta erdi egin nuen Kanadan. Gogor entrenatu nintzen. Indartsu nenbilen, baina hango arrokan ez nuen asko eskalatu. Nire helburua Munduko Txapelketan lehiatzea zen, baina, azkenean, ez ninduten eraman. Pena handia hartu nuen, uztail osoa rokodromo batean topera entrenatu eta hitzordu nagusi horretara joan ez nintzelako. Bederen, oso sasoiko nengoen».

Beste bi 8c

Munduko Txapelketarekin ahaztu, eta Espartak arrokan hainbat helburu jarri zituen: «Ia abuztua osoa Gaubean egin nuen. Graduarekin ez nintzen itsutu, eta 8a eta 8b arteko hamabost bat bide kateatu nituen. Ondoren, Baltzolara joan nintzen, eta inoiz ikusi ditudan baldintza onenekin egin nuen topo. ‘White zonbie’ probatzea otu zitzaidan. Bost hilabete neraman saiorik egin gabe, eta bigarrenean erorikorik gabe katera heldu nintzen».

Hilaren hasiera zen, eta irailaren 11n “Nuska” ere kolkoratu zuen; di-da batean: «Koba hutsik zegoen. ‘Tas-Tas’ (8c+9a) eta ‘Il domani’ (9a) probatu nahi nituen. Baina, inor ez zegoenez, bide horien inguruan informaziorik ezin nuen jaso. Orduan, ‘Nuska’-ri ekin nion, eta nik neuk bide osoa landu nuen. Bueno, ondoren Ander Lasagabaster etorri zen, eta aholku batzuk eman zizkidan. Andoni anaiaren inguruko dokumental bat grabatzen ari ginen, eta 8 egun jarraian eskalatzen neraman. Atseden egun bat hartu, eta joan den 11n ‘Nuska’ patrikan sartu nuen. Guztira, hamar saio behar izan nituen».