Caprez eta Zangerlek igoera bikaina sinatu duteRatikoneko marra batean
Nina Caprez eta Barbara Zangerl «Unendliche geschichte» bidearen (8b+, 300 m) bigarren eta hirugarrenerrepikapenekin egin dira. Beat Kammerlanderren marra sinatzeko hamar eguneko lana egin dute.
Oporren osteko gure lehen orrietan hormatzarretan hainbat emakumezkok eginiko goi mailako jarduerak jorratu genituen. Protagonista horien artean, besteak beste, Nina Caprez eta Barbara Zangerl azaldu ziren. Bakoitza bere aldetik, baina, esan dugun bezala, eskalada bikainak egiten.
Oraingo honetan, ordea, suitzarra eta austriarra elkarrekin aritu dira. Eta argi utzi dute elkarrekin ere hormatzarretan bikain baino bikainago jarduteko gai direla. Eta, inolako zalantzarik gabe, lortu duten emaitza azpimarratzeko modukoa da.
Ratikonen eskalatu dute, eta, gainera, hamar izarreko bide batean: “Unendliche geschichte” (8b+, 300 m). Sona handiko marra da, eta Beat Kammerlander austriarraren sinadura darama. Bada, Caprez eta Zangerl gai izan dira proposamen horren bigarren eta hirugarren errepikapenak egiteko. Horrek esan nahi du, beraz, orain arte soilik errepikapen bat zuela. Bai, Pietro del Pra italiarrarena zen, eta duela hamar urte lortu zuen. Beraz, emakume sokada horrek egin duena txalotzeko modukoa da.
Gogora dezagun protagonistok zer-nolako bidearekin aurkitu ziren. Kammerlanderrek 1990ean zabaldu zuen, eta urtebete geroago puntu gorria jarri zion. “Silbergeier” ondoan du (hau ere 8b+ gradukoa), baina Kammerlanderrek zein Del Prak diote “Unendliche geschichte” gogorragoa, zailagoa eta arriskutsuagoa dela.
Hamar egun
Beraz, 25 urte pasa dira soilik bi igoerarekin. Zangerl berak azaldu dizkigu igoeraren nondik norakoak: «Bideak denbora zeraman nire asmoen artean. Ninari aipatu eta bion xede bihurtu zen. ‘Silbergeier’-en elkarrekin jardun genuen, baina bizkarrean min hartu eta helburu hori bertan behera utzi nuen. Biok ala biok maila berean eskalatzen dugu, eta hormatzarretan eskarmentu bera dugu. Bagenekien kateatu dugun bideak teknikoki zein psikologikoki asko eskatzen duela. Baina apustua egin genuen, eta ondo atera zaigu».
Hamar eguneko lana egin ondoren, irailaren 9an Zangerlek bide osoa kateatu zuen, eta, biharamunean, gauza bera lortu zuen Caprezik. Azken horrek bidea sinatu ahal izateko eskarmentuari garrantzia eman dio: «Zalantzarik gabe, ‘Orbayu’-n asko ikasi nuen, eta horrek lagundu nau. Ohartu naiz eskarmentuak berebiziko garrantzia duela».