Norvegiako hormatzarretan metroak eta metroak pilatuz
Kepa Escribano eta Iker Madozek Eskandinaviara egindako bidaian, besteak beste, lau egun eskasetan 100 luze baino gehiago egin dituzte. Tartean, Trollvegenen «Sydpilaren» bidea (6c, 1.300 m) eskalatu ahal izan dute. Eskalada guztiak estilo garbian egin dituzte.
Kepa Escribanok eta Iker Madozek denboratxo bat daramate gerrira soka bera lotzen. Eta pasa den udan beteranoak eta gazteak sokak Norvegiara eraman zituzten hango paretetan gustuko duten jarduera indarrean jartzeko. Senitartekoekin bidaiatu dute; beraz, moldatu behar izan dituzte haien asmoak. Baina, alabaina, tartetxoak atera dituzte hormatzarretan eskalada alpinoa egiteko. Horren isla da lau egun eskasetan gai izan direla 100 luze eskalatzeko; hau da, batez beste 25 luze eguneko.
Bidaia Lofotenen hasi zuten, eta, beti hegoaldera begiratuta, Uskedalenen bukatu. Madozek adierazi digunez, txundituta geratu dira Norvegian ikusi dutenarekin: «Haranak, fiordoak, ur-jauziak... paisaia ikaragarri politak dira. Kirol eskaladarako toki apartak ere aurkitu ditugu. Eta hormatzar ikusgarriak ere makina bat. Hori bai, eguraldiak ez zigun batere lagundu; nahi baino euri gehiago egin zuen. Hala ere, asko mugitu ginen, eta eskalatzeko aukerak bilatu genituen. Eguraldi kaskarrarengatik bitan buelta eman genuen, eta, beste batzuetan, sortu eta desagertzen ziren hodei beltzek larritzen gintuzten».
Modu alpinoan eskalatzeko irrikatan zeudenez, protagonistok eguraldiari so ibili behar izan zuten. Arestian aipatu dugun bezala, lau egun ondo baino hobeto aprobetxatu zituzten metroak eta metroak eskalatzeko. Lofotenen, adibidez, “Vestpilaren” bidea (6b+, 400 m, Presten) egiteko aukera izan zuten. Stetinden, berriz, “Vestveggen” (6b+, 200 m), “Vesteggen” (6b, 250 m) eta “Sydpilaren” (6b, 400 m) bideak. Trollvegenen, bestalde, jarduera horietako bide luzeena igo zuten: “Sydpilaren” (6c, 1.300 m, Mongejura). Eta, azkenik, Uskedalenen, “Midtsommermattsdrom” marrarekin (6c, 400 m) egin ziren.
Eskalatutako bideak aipatu ondoren, Madozek honakoa gehitu nahi izan du: «Euririk gabeko bi egun harrapatzea oso zaila zenez, egun bateko eskaladak egin behar izan genituen. Eguraldi kaskarra egokitzen zitzaigunean, autoa hartu eta toki batetik bestera mugitzen ginen arroka eta eguraldi ona bilatzeko».
Eskalada garbia
Nahiz eta paretan soilik lau egunez eskalatu, eskalatzaile gazteak argi du Norvegia metroak egiteko paradisua dela: «Eguraldiak egun bateko tartea bakarrik ematen zigunez, marraren bat zabaltzeko asmoa bertan behera utzi genuen. Hala eta guztiz ere, baziren balizko marra interesgarriak. Eskalatu genituen bideak ederrak ziren. Denetarik aurkitu dugu: abentura gehiago edo gutxiago eskaintzen zuten bideak, marra errazago edo zailagoak... Eta hori guztia kalitate oneko granitoan».
Protagonistok ez dute zalantzarik Stetindenen eginiko eskaladak azpimarratzeko orduan: «Norvegiako mendi sinbolikoa da, oso estetikoa eta sekulako zonaldean kokatutakoa. Arroka onean zabaldutako bideak dira, artesi piloa dituzte eta metroak egiteko marra apartak dira. Interesgarriena ordutegiarena izan zen. Goizeko zazpietan hasi eta goizaldeko ordu bietan autora itzultzen ginen. Jakina, kopetako-argia ez genuen erabili; izan ere, Norvegian udan ia ez dago gaurik. Eta eite horrek izaera horretako jarduerak egiteko aukera paregabea ematen dizu. Bide guzti-guztiak era askean eskalatu ditugu. Zailtasunari dagokionez, gehienez 6c graduko luzeak egin ditugu, baina, hori bai, aitortu behar dugu, estutu behar izan dugula».
Azkenik, Madozek azpimarratu nahi izan du eskalada estilo oso onarekin aurkitu direla: «Zabaltzeko estiloa paregabea da; ia ez dira espitik, burilik edo paraboltik aurkitzen. Iltzeren bat ikusten duzu, baina dena friend eta fisureroekin eskalatzen da. Jakina, artesi eta diedro piloa daude. Hemen ez bezala, hango paretetan paraboltak debekatuta daude».