Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Nola lortu

Zein hutsalak diruditen hitzek maiz, esanaren esanaz entzuten ditugu haizea bezala. Erailketa gehiago, emakume gutxiago, jendartearen egunerokoan ezohikorik ez. Zein berba desberdin zabal ditzakegu barrena jaten digula beste behin adierazteko; zer oihuka dezakegu artean ez duguna oihukatu... Zer egin dezakegu elkartu, pankartak zabaldu, arbuioa eta elkartasuna adierazi eta idazteaz gain, nola desagerraraz dezakegu hainbeste emakumeren, emakume guztion, drama hori.

Bilboko alkatearen adierazpenak irakurri nituen: «Heziketaren bidetik lanean jarraitu behar dugu; elkarbizitzak errespetuan eta berdintasunean oinarritu behar du; ez litzateke gertatu beharko, ez Bilbon, ezta beste inon ere; ezin dugu onartu pertsonak gauza bilakatzea eta halaxe tratatzea». Zalantzarik ez dago balio horien hedapenean nola edo hala jarduten jarraitu beharraz, norbere eremutik. Era berean, entzunaren entzunaz, hitzok eguneroko diskurtsoaren ezinbesteko ataletako bat bilakatuta, irudipena daukat gero eta gutxiago bustitzen gaituztela, betiko abesti bat balitz bezala aditzen ditugula, hau da, leloak berez errepikatuz, baina aurreneko aldi hartako arreta inola ere ez eskainiz. Ez dira, baina zein azalekoak diruditen hitzek emakumeen kontrako indarkeriaz ari garela.

Emakumeak, pertsonak, gauza bilakatzea eta halaxe tratatzea. Bizitzea euren ondoan norbere jabetza ukiezina balira bezala. Objektuak bezala erabili, moldatu, geure onerako balio diguten bitartean askatu ez, eta ondoren... bota. Geurekoiak gara gizakiok, eta hori zuritzen adituak. Indibiduoaren, indibiduo arrakastatsuaren –arrakasta oso jakin baten– kultura nagusituan bizi gara, neurri handiagoan edo txikiagoan, geure buruak horren arabera neurtzen. Indarkeriaren muinean, frustrazioa, dezepzioa, amorrua, bizitzan behin bada ere norbaiti gailentzeko grina besterik ez dago. Etxeko heziketa behar bezainbesteko sendorik ez dago kalera atera eta kultura horrek ezertxo ere ez eragiteko, bizitoki dugun munduaren zantarkeriak noizbait ez blaitzeko.

Jakitun gara gauza gehiegi ditugula oraindik eraldatzeko, emakumeok bereziki ez gaitezen inoren jabetza izan, inoren eta jendartearen gauza. Emango dute hutsalak, berbek, pankartek eta letrek, baina ez dira. Barruan gorde eta isilik bizitzea ez da aukera bat. Nola egin dezakegu, esan edo idazten ditugunean, barreneko ezintasun hau desagertzeko. Balio izaten ari direla behingoz sentitzeko.