Bihurrik inongo arazorik gabe irabazi du Bizkaiko Bigarren Mailako txapela
Bizkaian lizentzia daukan David Naredo asturiarrak eskuratu du bigarren postua, eta, Oregik, berriz, hirugarren amaitu du finala.
Ernesto Ezpeleta Bihurri ate handitik itzuli da buruz buruko lehiaketetara, aise irabazi baitzuen herenegun Larrabetzun jokatu zen Bizkaiko Bigarren Mailako finala. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, 60 ontzako bat eta oinbiko bat ebaki behar izan zituen.
Eibartarra jaun eta jabe izan zen, hasieratik bukaerara, gainera. Lehen enborretik aurre hartu zuen, eta inork ezin izan zion itzalik egin, amaieran bigarren sailkatu zen David Naredori bi minutu eta erdiko aldea kendu baitzion. Naredo asturiarra da, baina Bizkaian dauka lizentzia, eta horregatik hartu ahal izan zuen parte. Euren herrialdean beste era bateko lana egiten da, eta zalantza zegoen, ea oinbikoekin nola moldatuko zen, baina behetik gora egin zuen, eta bigarren postua eskuratu ahal izan zuen, hirugarren sailkatu zen Oregiri hamabost segundoko tartea kenduz.
Bihurri zen finaleko beteranoena, baina beste guztien gainetik agertu zen, eta datorren denboraldian Lehen Mailan lehiatu ahal izango du. Lan guztiak burutzeko 17 minutu eta 17 segundo behar izan zituen. 19 minutu eta 51 segundo pasa zituen egur guztiak mozten David Naredo asturiarrak. Oregik osatu zuen podiuma, eta berak egin beharreko lan guztiak 20 minutu eta 5 segundoan amaitu zituen. Atzetik, Intxausti (20.50), Lekue (20.54), Aldape (22.46) eta Basterretxea (25.49) sailkatu ziren. Finala ikusteko jendeak ere erantzun ona eman zuen.