Schali, Japer eta Gietlen «odisea»Eigerreko hormatzar tenteenean
Pasa den udaran, Roger Schali, Robert Jasper eta Simon Gietlek osatutako sokadak «Odyssey» bidea zabaldu zuen eta, ondoren, puntu gorria ere jarri zion. Rote Fluh paretan sortu dute bidea, 1.400 metro luze da, 37 luze ditu eta, gehienez, 8a+zailtasuna du.
Egun berean eta ia ordu berean orriok Roger Schali suitzarraren eta Robert Jasper alemanaren mezu bera jaso zuten: «Simon Gietl italiarrarekin batera, Eigerreko ipar horman bide berria zabaldu eta puntu gorria jarri diogu». Horixe zen mezuaren izenburua. Eskalatzaileok ezagututa, di-da batean edukiari begira jarri ginen. Eta, espero bezala, borobildu berri zuten jarduera, beste behin, ekarpenaren bidetik iritsi da.
Bai, hirukoteak, Eiger mendiko ipar hormaren pareta tenteenean, hots, Rote Fluh izenekoan, “Odyssey” izeneko marra sortu du. 1.400 metro luze da, 37 luze ditu eta, gehienez, 8a+ zailtasuna. Era horretan, protagonistok hormatzar mitiko horretan zabaldu diren bideen artean proposamen zailenetarikoa (edo zailena) aurkeztu digute.
Eta, jakina, horrek guztiak ez gaitu batere harritzen; izan ere, talde horrek Eigerreko ipar horman goi mailako jarduerak egin ditu. Irakurri bezala, luze zailena, hamargarrena, 8a+ gradukoa da, baina baditu zailak diren beste hainbat: 7c/8a gradukoak hiru, 7b+ eta 7c arteko beste sei...
Eta hori guztia gutxi izango balitz, Schali, Jasper eta Gietlek, izaera bereko beste aktibitate batzuetan bezala, bidea zabaltzeko era edo estiloari garrantzia eman diote. Horrekin esan nahi dugu behetik zabaldu dutela; betiere, kutsu alpinoa ematen. Jakina, bazekiten “pareta gorrian” lanean ari zirela, eta sekzio horrek “errespetua” merezi duela. Beraz, eskalatzaileok pasa den udan eginiko lana azpimarratzeko modukoa da. Eta berriro diogu, eite guztietatik begiratuta.
Arestian aipatu dugun bezala, hirukote hau (eta batez ere, Schali eta Jasper) ipar horma enblematiko horrekin erabat lotuta izan dira. Schalik GARAri adierazi dioenez, Eiger mendiko ipar hormaren sekzio tenteenean eskalatzeko grina duela hamahiru urte indartu zitzaion: «Stephan Siegristekin batera, bere xedea zen ‘La vida es silbar’ bidea askatzeko asmora batu nintzen. Urtebete geroago, Simon Anthamattenekin japoniarren ‘Direttisima’ bidea era askean igotzen saiatu ginen. Urte berean, Ueli Steck eta Siegrist ‘Paciencia’ marra ekipatzen ari ziren. 2004an, berriz, Robert eta biok bi urte lehenago Simonekin hasitako lanean buru-belarri jarri ginen. Bost urte behar izan genituen japoniarren marrari (8a) puntu gorria jartzeko. Sentitu nuen Robert eta biok talde perfektua osatzen genuela, batez ere Eigerreko ipar horman era librean eskalatzeko. Jarduera horren ondoren, beste bi direttisima iritsi ziren: ‘Harlin’ bidea ‘Heckmair’ bidetik aterata (7a, M8, 1.800 m) 2010ean eta ‘Piola-Ghilin’ (7c, 1.400 m) hiru urte geroago. Baina biok ala biok geure sormen lana egiteko pronto ginen; alegia, xede bera genuen. Baina gauzak era ezberdinean garatu dira. Bazirudien iazko uda bikaina izango zela guretzat; jakina, Eigerren. Banekien geure helburua era askean igotzea zaila izango zela oso. Baina nire sasoia hobetzeko oso motibatua nengoen. Horregatik, adibidez, Kataluniara hainbat bidaia egin nituen, eta han nire lehenbiziko 8c bidea sinatu nuen. Ondoren kapitaineko ‘Golden Gate’ era librean igo nuen, eta beste hainbat jarduera gogor ere poltsikoratzeko gai izan nintzen».
Eguraldiari so
Eskalatzaileok jakin bazekiten, zailtasun teknikoei aurre egiteaz gain, paretaren baldintzak zein eguraldiarenak lagun behar zituztela. Rote Fluh pareta hotza eta hezea da, eta eguraldi egonkorrak gutxi irauten du. Baina, zorionez, pasa den udan baldintza horiek guztiak baretu ziren, eta zabaldutako bideari puntu gorria jartzeko ia “aitzakiarik” ez zegoen.
Aipatu dugun bezala, Gietl, Jasper eta Schali behetik hasi ziren bidea zabaltzen. Lehen luzeek “Heckmair” bidearekin bat egin eta “Stollenloch” zulora arteko bidea hartzen dute. Puntu horretan Rote Fluh paretarekin bat egin zuten, eta hortik aurrera zabaldutako eta eskalatutako metroak ukitu gabe zeuden. Hori bai, erori handia duen sekzio luzea da. Datu bitxi bat: Heckmair berak esan zuen tarte handi hori eskalatzea ezinezkoa izango zela. Jakina, beste garai batzuk ziren.
“Odyssey” erori handia duen horma batean sortu dute, baina, hori bai, oso bide zuzena da. Protagonistok onartu dute luze gehienetan arroka sendoa eta kalitatezkoa aurkitu dutela: «Alabaina, bagenekien pareta alpino batean geundela, eta baldintzak bat-batean aldatzen direla. Horrekin esan nahi dugu goialdetik izotza eta arroka ugari erori zirela, eta horrek geure erritmoa eta eskalada zer edo zer baldintzatu zuen. Une batzuetan ere kareharri hori izotzarekin zein elurrarekin estalita zegoen. Beraz, zati batzuk nahiko heze zeuden. Hori guztia esan ondoren, aipatu behar dugu abuztuan izan genuen eguraldia geure arrakastaren gakoetariko bat izan zela. Uda perfektua zen, erabat motibatuta eta oso sasoiko geunden. Azken urteotako udarik onena izan dugu; lehorra eta beroa».
Lehenbiziko saioan Jasper eta Schalik jardun zuten. Lehen bost luzeak era askean igo ondoren, egun bateko atsedena hartu zuten. Schalik dioenez, berriro xedean buru-belarri jarri ziren: «Lehen hiru egunak soka finkoak eta tresneria zaharra aldatzen jardun genituen. Azkenean, astebete eman genuen planifikatutako guztia indarrean jartzen. Bidearen luze gogorrenari ekin genion. Blokeko pausu bat zuen, eta amaieran beste luze bat. Erori handia du, erlaitzetik gora erori gehien duen luzea da. Ipar hormatzarren bihotzean geunden, eta luze hori askatzen Robert lehena izan zen. Nik egundoko borroka izan nuen; guztira, hamargarren luze hori kateatzeko hamazazpi ekinaldi behar izan nituen. Azken txapatik bilerara tarte handia dago, eta egoera horretan izaera hori duen hain mugimendu zailik ez dut inoiz eskalatu ez kirol eskaladan ez alpinoan. Zalantzarik gabe, ‘Odyssey’ bideko luze gogorrena da. Eta niretzat 8a+ da».
Bide berriaren bigarren zatitik aurrera Gietl batu zitzaien. Jasperrek zein Schalik onartu dute beraien kidearen agerraldia oso onuragarria izan zela: «Taldea sendotu zen, eta azkarrago eskalatzen ari ginen. Sokada estiloan luze guztiak kateatu genituen. Ia bi hilabete ipar horma heze eta hotz horretan egin ditugu. Aipatzekoa da ere hamazazpigarren luzean Robertek izan zuen ezustekoa. Sabai baten ertz batean erorikoa izan zuen, eta sokaren azalak kalteak izan zituen; beldurra ematen zuen! Ondoren, luze hori kateatu ahal izateko, bi soka erabili zituen».
Amaiera aldera, eskalatzaile suitzarrak esan digu emaitza ikaragarri ona izan zela: «Dugun onena eman dugu, eta eman behar genuen ipar horma hori gainditu nahi bagenuen. ‘Odyssey’ bideak arroka ona edukitzeaz gain, eskalada zail eta dibertigarria dauka. Mugimendu gogorrak eta atletikoak teknikoekin tartekatzen dira. Azpimarratu nahi nuke ere paraboltak soilik beharrezkoak ziren lekuetan jarri genituela; hots, beste aukerarik ez zegoen lekuetan. Gainera, ‘Odyssey’ bideari puntu gorria jarri eta, biharamunean, ‘Paciencia’ (8a, 900 m) era askean igo nuen».