Andoni ARABAOLAZA
KIROL ESKALADA

Motibazioa akuilu bederatzigarren esferan berriro kosk egiten

Iker Pouk Mallorcako «Reikiavik energy» bidearen lehendabiziko igoera poltsikoratu eta 9a zailtasuna proposatu du. Patxi Usobiaga eta Ander Lasagabaster «4x4» marraren errepikapen banarekin egin dira.

Badirudi euskal eskalatzaile batzuek ez dutela batere gogorik bederatzigarren esferatik “jaisteko”. Horren adibide dira Iker Pou, Patxi Usobiaga eta Ander Lasagabaster. Lehen biak muturreko kirol eskaladan oso beteranoak dira; Lasagabaster, berriz, gazteagoa.

Pouren kasuan, lehen 9a egin zuenetik hamabost urte igaro dira; hain zuzen ere, Frankenjurako “Action directe” mitikoa egin zuen. 9a+ gradura ere iritsi da pare bat marrekin, eta, eskalada alpinoarekin tartekatzen badu ere, argi utzi du bederatzigarren esferan jarraitzeko borondatea eta gogoa dituela. Izan ere, duela gutxi Mallorcan beste 9a bat proposatu du. Usobiagak, berriz, erakutsi du lesio bat tarteko “lehen lerroa” utzi bazuen ere, gai dela oraindik 9a zailtasuneko bideak egiteko. Eta hirugarren kasua Lasagabasterrena dugu. Bere bi kideak ez bezala, Arrasatekoa ez da profesionala baina ozen aldarrikatu du motibazio baduela gradu horretan mantentzeko. Usobiagak zein Lasagabasterrek 8c+/9a mailako bide bera errepikatu dute.

Mallorcan eta Araban

Lehenik eta behin, Balearretara abiatuko gara, Iker Pou “Reikiavik energy” bidearen lehendabiziko igoerarekin egin baita Mallorcan. Gasteiztarrak dioenez, marra Cristian Lupionek ekipatu zuen: «Bidea inoiz eskalatu dudan pareta estetikoenean dago. 45 metro luze da, eta zailtasun handienak azken hamar metroetan pilatuta daude. Bi bloke ditu. Lehenean, hiru hatz sartzen diren helduleku batera dinamiko bat egin behar duzu; oso aleatorioa da. Eta bigarrenean, erregeleta batzuetan ondo estutu behar da. Hara iritsi aurretik, 8b+ edo 8c zailtasuna eskalatuta duzu».

Pou berak azaldu duenez, bidea iaz probatu zuen lehen aldiz: «Aurten, baina, motibazio zein energia askoz gehiagorekin nengoen. Marra berrekipatu nuen, eta goiko lehenbiziko bloke gogorrenean dozena bat aldiz erori ondoren, kateatu nuen. ‘Reikiavik energy’ bidearen zailtasunari dagokionez, uste dut 9a izan daitekeela».

Bestalde, Arabako Atzeko Koba sektorean Usobiagak eta Lasagabasterrek “4x4” bidean gogor jardun dute. Marraren lehen igoera Ruben Diazena da, eta hark 9a proposatu zuen; ondorengo errepikatzaileek, berriz, 8c+/9a graduan utzi dute. Bidearen ezaugarriei dagokienez, esan daiteke nahiko motza eta eta blokekoa dela.