Andoni ARABAOLAZA
Eskalada

Norvegiako «Disco 2000» bidearipuntu gorria jarri diote

Jacob Cook eta Dave McLeod izan dira «Disco 2000» bidea (8a+, 400 m) era askean igotzen lehenak. Eskalatzaileok Calum Musketten laguntza izan dute. Eskaladan zehar egindako euriaren ondorioz, protagonistok bidea sekzioka landu behar izan dute.

«Duela lau urte, Blamman mendiaren ipar aurpegian dagoen ‘Bongo bar’ bidea (A3) askatu nuenean (7b+), pasa den uda honetan borobildu dugun jardueraren lehen txinparta piztu zen. Nire eskuinean zegoen sabaian labirintoan ekipatuta zegoen bilera bat ikusi nuen. Han zegoen, bakar-bakarrik, ondoan eta urrutira aseguratzeko bestelako tresneriarik ageri ez zela. Sabai erraldoiak goian eta behean. Orduan, Marten Blixten irudia etorri zitzaidan, 2000. urteko neguko bere eskaladan».

Hitz horiek Dave McLeod eskalatzaile eskoziarrarenak dira; hain zuzen ere, xede baten berri ematen dutenak. Bada, pasa den udan, Jacob Cook ingelesarekin batera McLeodek “Disco 2000” bidea askatzea lortu zuen. Bikote honek Calum Muskett eskoziarraren laguntza jaso zuen. Aipatu dugun marra hori, berez, Blamman mendiaren ipar aurpegian dago; hots, Norvegiako Kvalova uhartean. Blixtek eta Franek 2000. urteko otsailean zabaldu zuten, eta “Arctandria” bidearen lehen bi luzeekin bat egin du. Ondoren, eguraldi gaiztoak baldintzatuta, granitozko murru horretan zuzen-zuzen abiatu ziren. Hori bai, ia eskalada osoa era artifizialean (A2+) egin zuten.

McLeodek aurreratu duenez, hasieratik ez zuten batere garbi ikusten “Disco 2000” era askean egingo zutenik: «Lau egun egin genituen euripean paretaren oinarrian geure hamaketan sartuta. Erabat etsita. ‘Gauerdiko eguzkiaren’ eta argi artifizialaren laguntzarekin eskalatzen jarraitu genuen. Azkenean, Jacob eta biok ohartu ginen bidearen giltzak helduleku nahiko zituela era askean igotzeko. Baina, hurrengo sabaian dagoen artesia blai eginda zegoen. Berriro etsita, dendetara jaitsi ginen. Euriak ez zuen etenik, eta jabetu ginen paretak zuen hezetasunak marrari puntu gorria jartzea baldintzatuko zuela. Orduan Calum iritsi zen, eta hark pare bat egun lehor ekarri zituen. Horma lehortzen hasi zenean, Jacob eta biok ziztu bizian jarri ginen eskalatzen. Hain zuzen, ‘Arctandria’ bidearen diedroari gaueko hamaiketan ekin genion».

Aipatu dugun bezala, “Disco 2000” marraren lehenengo bi luzeak (horietako bat giltza dena) “Arctandria” bidearenak dira, eta, ondoren, zuzen-zuzen jotzen du hainbat sabai gaindituz. Didier Berthod eta Giovanni Quirci izan ziren “Arctandria”-ri puntu gorria jarri ziotenak; hori duela hamar urte izan zen. Bigarren luzea 50 metroko artesi dotore bat da, eta 8a+ gradua jarri zioten.

Luze horren inguruan, eskoziarrak adierazi du pixka bat beldurtuta zeudela: «Uste baino errazago gainditu genuen. Agian, biok dugun kimikak eta gauerdiko hotzak lagundu ziguten. Mugimenduak ondo menderatu eta aseguruak jarri ondoren, Jacobek luze horri ekin eta era librean atera zuen. Bere beso teleskopikoei esker, sekzio gogor hori bi mugimendutan igo zuen. Ondoren, nire txanda zen. Gauerdia zen, eta mugimendu nahasi horiek ez nituen ondo ikusi. Atseden hartzera jaitsi ginen, eta arratsalde horretan bertan berriro gora abiatu ginen. Bidearen giltza garbitzen nuen bitartean, Calum “Arctandria”-ren diedroan lanean hasi zen. Soka finkotik rapelatzen ari ginela, ohartu nintzen tenperatura jaisten ari zela. Jacobi galdetu nion ea posible nuen sekzio horretan lan egitea. Botatzen ari zen euriaren ondorioz, Jacob blai eginda zegoen. Baina ni ia ez nintzen ohartu mugimendu zail horiekin buru-belarri nengoelako. Jakina, Jacobek dena ulertzen zuen».

Bi 8a+

Eskaladaren zailtasun teknikoek eta paretaren baldintzek sokadaren erritmoa asko mantsotu zuen; alabaina, tinko eta ia atsedenik hartu gabe gora jarraitu zuten: «Hatzek lan handia egiten duten artesi zoragarri bati ekin genion. Helduleku asko bustita zeuden, baina Jacobek eta biok argi dugu inoiz eskalatu dugun luze ederrenetarikoa izan zela. Gogor borrokatu genuen, baina euriak berriro atzera egitera behartu gintuen. Biharamunean, eguzkia agertu zen eta aireak oso lehorra zirudien. Aurreko egunetan goialdean zeuden luze batzuk oso bustita zeuden, baina eskalatzen jarri ginenean ikusi genuen zer edo zer lehortu zirela. Jacob eta Calumek lan ederra egin zuten E7 graduko luze batean. Hurrengo E7 zailtasuneko luzean pendulu txiki bat egin behar izan genuen. Luze hori garbitu ostean, Jacobek dinamiko gogor bat probatu nahi zuen. Mugimendu horiek gustukoak ditu, eta, gainera, ona da horrelako lanetan. Baina hori egiten ari zela, irrist egin eta erorikoa izan zuen».

Pixkaka-pixkaka bada ere, protagonistok aurrean zituzten zailtasun handienak gainditzen joan ziren. Baina berriro eguraldi baldintzek ez zieten batere lagundu. Paretaren goialdean zeudenean, hezetasunak eta hotzak ia erretiratzera behartu zituen: «Azken luzeek askoz errazagoak ziruditen. Eta baldintzak eskasak baziren ere, paretaren azken zatia igotzea erabaki genuen. Nahiz eta luze horiek bustita egon, azken ahalegin bat egitea erabaki genuen. Aukera bakarra eta errealistena zen bidea bukatu eta puntu gorria jartzeko. Hasteko, E4-ko artesi bat genuen. Bustita zegoen, ez zen batere polita, baina hurrengo luzera iritsi ginen. Hurrengo bietan azkarrago joan ginen. Euria gainean genuen, minutu gutxiko kontua zen. Nahiz eta sekzio asko heze egon, bideari metroak kendu genizkion. Bost minutu geroago. euria hasi zen. Erabat blai eginda geunden eta paretak ibai bat zirudien. Zorionez, gailurra jo genuen; eta geure lehen xedea, hots, bidearen luze guztiak era askean lortzearena, poltsikoan genuen».

Era horretara, Cook eta McLeodek “Disco 2000” marrari puntu gorria jarri zioten. 13 luze eta 400 metro aurretik, eta honako zailtasun teknikoak: 7b, 8a+, 7a, 8a+, 7c, 7c, 7b+, 7a, 7a, 6a, 6c, 6b+ eta 5+.

Xedearen luze guztiak era librean egin ondoren, protagonistok paretaren oinarrira jaitsi ziren. Jakina, sokadak beste xede handi bat zuen: bide osoa egunean era askean igotzea. Baina eskalatzaile eskoziarrak azpimarratu nahi izan duen bezala, erronka hori baztertu behar izan zuten: «Egun bateko jardunean luze guztiak era askean kateatzea posible ikusi genuen. Baina hurrengo egunetan euri asko egin zuen, eta hormatzar guztia oso-oso bustita zegoen. Beraz, ez genuen saiatzeko aukerarik izan. Euriaren ondorioz, marra osoa sekzioka landu behar izan genuen. Baina, zorionez, luze gogorrenak 50 orduko lanean librean igo genituen. Hirugarren egun bat behar izan genuen goialdean dauden luze errazenak gainditu ahal izateko. Zalantzarik gabe, oro har, egundoko esperientzia izan da. Pozarren gaude izaera horretako pareta bat eskalatu eta tontorra zapaldu dugulako. Argi eta garbi dugu egunean igotzeko arazorik ez dagoela; beraz, eskalatzaileei eskua luzatzen diegu guk ‘zintzilik’ utzitako xede hori ea borobiltzen duten. Hori bai, euri asko egiten badu ere, gogoan izan dezatela eguzkia ez dela ezkutatzen eta 24 ordu dituztela eskalatzeko. Ingurumari hori etorkizunean lehen lerroan dauden eskalatzaile askoren topalekua izango da; ziur gaude».