Ñapurrak eta Amaiur izan dira lehen saioko onenak
Lapurtarrek eta nafarrek argi eta garbi erakutsi zuten txapela lortzeko faboritoak direla.
Amaiur A eta Ñapurrak B izan dira Lauko Goma Gaineko lehen jardunaldiko bi talderik onenak, eta finalean sartzeko aurreneko pausoa eman zuten. 320 kilokoan neurtu ziren.
A multzoan, Ñapurrak B taldea jaun eta jabe izan zen, tiraldi guztiak eraman baitzituen, gainerako taldeei inongo aukerarik eman gabe. Bigarren postuan sailkatu zen Ibarra B. Ezpeletako taldearekin galdu egin zuen talde moreak, baina gainerako guztiak mendean hartzea lortu eta bigarren postua eskuratu zuen.
Murueta B izan zen hirugarren geratu zen taldea; izan ere aurreneko bi taldeekin galdu arren, Sokarri, Atzera eta Iparralde mendean hartu zituen. Sokarri B taldeak Atzerari irabazi zion eta Iparralderekin berdindu egin zuen. Atzerak Iparralderi irabazi zion, eta azken talde honek Sokarrirekin berdindu zuen.
Oreka
B multzoan, Amaiur izan zen nagusi, honek ere jokatutako tiraldi guztiak irabazi egin baitzituen. Sokarri A geratu zen bere atzetik; bizkaitarrek nafarrekin galdu egin zituzten euren tiraldiak, eta gainerako talde guztiak mendean hartu zituzten.
Ibarra A sailkatu zen hirugarren, aurreneko biekin galdu eta beste hiru taldeak mendean hartuta. Horren ondoren, berdinduta geratu ziren Ñapurrak eta Murueta. Aurreneko hiru sailkatuekin galdu egin zuten, Ibarra C taldeari irabazi, eta euren artean, berriz, berdindu egin zuten. Azken lekuan Ibarra C sailkatu zen, jokatutako tiraldi guztiak galduta.
Puntuetan, berriz, honela geratu ziren jokatutako bi multzoetan: A multzoan, Ñapurrak B, 6 puntu, Ibarra B, 5, Murueta B, 4, Sokarri B, 3, Atzera, 2 eta Iparralde, puntu bat.
B multzoa honela geratu zen: Amaiur, 6 puntu, Sokarri A, 5, Ibarra A, 4, Ñapurrak A, 2,5, Murueta A, 2,5 eta Ibarra C, puntu bat. Datorren asteburuan jokatuko da bigarren jardunaldia, eta lehen faseko azkena izango da. Horren ostean, multzo bakoitzeko aurreneko hiru postuetan dauden taldeek lortuko dute finala jokatzeko txartela. Lehen jardunaldiaren ostean batzuen kasuan garbi ikusi da han izango direla, baina postu batzuetarako lehia handia izango da datorren asteburuan.