Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Neskak

Lagun batek utzita ikusi nuen «Girls» (neskak) telesailaren aurreneko kapitulu parea. Lagunak telesailaren berri eman zidan elkarrekin komentatzeko irrikan zegoelako; besteak beste, telesail hori emakume gazteen mundua irudikatzeko orduan guztiz ezohikoa delako. Bikain eginiko telesail-mordoaren aroan, emakumezko ahots protagonista nagusi ozenez, eta ez nahitaez femeninoz, datorkigu hauxe. Ez dago zertan gustuko izan, neskok; halakoxeak ere izan badirela onartu besterik ez dago (gure ingurunean, diot).

Esaterako, nik neuk begitan hartuta dut Hannah, Lena Dunham estatubatuarrak sorturiko eta antzezturiko pertsonaia nagusi-alter egoa. Baina, halere, miresten diot atrebentzia gidoilari, aktore eta ekoizleari. Izan ere, maitasuna ala gorrotoa (bigarrena gehienbat, emakumeak hedabideetan ahalduntzeko saialdi arrakastatsuengatik) eragiten duen emakume honek badauka meritua, kontuan hartuta zer sortu duen eta non egin duen: neska lagun-talde baten gorabehera mota oro inolako lotsarik gabe agertzeko saioa, ohiko feminitatekeriatik at –bedeinkazioa!–, non eta Estatu Batuetan. Herrialde horretan, non indarkeria era guztiak hain diren maitatuak pantailan; non sexuak, aldiz, erabat artifiziala eta merenge hutsez blaitua izan ezean, iraina izaten jarraitzen duen ikusle gizajo-gajoen moralerako; non emakumeen larrua zenbat eta gehiago erakutsi gizonezko kontsumitzaileei, orduan eta etekin handiagoak hainbat industriaren jabeentzat, gizonenak eurenak izara eta itzal artean ondo ezkutatuta daudela.

Hannahk, ordea, konplexurik gabe erakusten du berea, inolako kamera efekturik barik, eta ikusten zaizkio tatuajeak, desproportzioak eta txitxiak. Haren lagunenak ere ageri dira, neska arrunten gorpuzkera arruntak, baita eurekin dabiltzan mutilenak ere (Adonisik ez).

Larrua jotzen dute, ahal dutenean (guztiok bezala), eta ez diote ezkutatzen ikusleari, ergela balitz bezala, batzuetan deserosoa edota negargarria ere izaten dela. Neska horiek sexuaz mintzatzen dira, zuzen eta gordin, eta mintzatzen dira euren lanez, prekaritateaz, paranoiez, frustrazioaz, familiez, laguntasunaz, amodioaz, ereduez, dezepzioaz... guztiaz.

Emakumeok horri guzti horri buruz «nola egin beharko genukeen» alde batera utzita, egungo neska gazteen kezkak egungo neska gazteen hizkeraz plazaratzen dituzte. Eta bikain, eta ohiko eskemei jarraiki eginiko telesailen aroan, eskertzen da. Gomendagarria, ikusleentzat zein sortzaileentzat.