Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Surfa

Olatu erraldoien sasoia hasi da:Nazare da aurtengo protagonista

Neguko lehen itsaskiak sartzen hasi dira ipar hemisferioan eta olatu handien maitaleak prest dira sasoi berriari ekiteko. Mundura zabaldu diren lehen irudi ikusgarriak Nazaren hartu zituzten pasa den astean. Ziur asko urautsi hau izango da aurtengo protagonista.

Olatu handien sasoia Portugalen hasi da. Olatu garaiena hartzeko aukera gehien eskaintzen dituen lekua Nazareko urautsia da antza, eta itsaski handi bat hurbiltzen den bakoitzean, surfaren historian beren izena idatzi nahi duten mundu osoko surflariak elkartzen dira bertan.

Udazkena hasi denetik Portugalgo kostaldea kolpatzen zuen bigarren itsaski sendoa izan zen pasa den astean eta olatu handietako surflari ezagun asko bildu zen Portugalgo urautsi famatuan. 2015/2016ko sasoia ezin hobeto hasi da, beraz.

Urriaren erdialdean itsaski indartsu bat izan zen, ez handiegia, baina olatu handietako surflariak motorrak berotzen hasteko balio izan zuen. Gauzak horrela, pasa den astean itsaski handi bat sartu zenean surflariak prest ziren XXL olatuen sasoiari aurre egiteko.

Saio ikusgarria Nazaren

Maya Gabeira brasildarra izan zen eguneko lehen olatu handietako bat hartu zuena. 20 metroko altuera zuen olatu bat jaitsi zuen neskak, bakarra, baina nahikoa izan zen. Iaz, hilzorian atera zuten Gabeira urautsi honetatik, beraz, kontu handiz ibili zen berriz ere bere bizia arriskuan ez jartzeko.

Jarraian, Carlos Burle, Pedro Scooby, Rafael Tapia, Sebastian Steudner eta Sergio Cosme izan ziren olatu erraldoien gainean ibili zirenak. Guztiak motoen laguntzaz aritu ziren olatuak hartzen, batzuk eskuin aldera besteak ezkerrera, olatuak agintzen zuen surflariak hartu beharreko norabidea.

Moto baten laguntzaz olatu ikusgarri bat egin zuelako nabarmendu zen beste surflarietako bat Andrew Cotton britainiarra izan zen. Cottonek ere, Gabeirak bezala, muturreko esperientzia izan zuen iaz Nazaren surfean ari zela.

Abenduaren 7an, 20 metroko altuera zuen olatu bat jaitsi zuen eta behealdean zegoenean aparrak irentsi egin zuen. Lau olatuk antzeman zuten azpian eta ozta-ozta erreskatatu ahal izan zuten lagunek. Aurten, ordea, iazko arantza kendu ahal izan du; izan ere, pasa den astean sekulako ezker olatua hartu eta bikain menderatu zuen.

Eguneko olatu duinena, ordea, arraun eginda hartu zuen bertako surflari batek. Hainbeste uretako moto eta bikoteren artean, bazen urautsian surflari bat, bere taularekin, bakar-bakarrik, inongo laguntzarik gabe, arraun eginaz ikaragarrizko olatu bat hartzeko gai izan zena: Joao de Macedo.

Honela mintzatu zen heroi portugaldarra uretatik atera ostean: «Emozio eta poz handia sentitu dut, eta oraindik adrenalina pila bat dut gorputzean. Milesker, milesker oraindik olatuen edertasunean, ozeanoan eta gure mugak gainditzean sinesten duten guztiei. Bizitzak halako aukerak eskaintzen dizkigu, gure konfort eremutik atera ahal izateko».

AEB vs Europa

Bitxia da Europako kostaldea itsaski handi batek kolpatu behar duen bakoitzean mundu osotik olatu handietako surflari famatuak gerturatzen direla ikustea; izan ere, orain urte gutxi arte asko ziren Europan olatu oso handiak ezin zirela izan esaten zutenak.

Iparramerikarrak ziren eszeptikoenak. Haien esanetan, Europan ezin zitekeen Kalifornia iparraldean edo Txilen adinako olaturik izan, zeren Ozeano Barea hain handia izanda uhin batek Atlantikoan baino distantzia askoz ere luzeagoa egin dezake eta ondorioz altuera handiagoa har dezake.

Europarrek uhinen arteko distantziak duen garrantzia onartzen zuten, baina Atlantikoan uhinak sortzen dituzten sistemak Ozeano Barean izaten direnak baino indartsuagoak izaten direla erantzuten zuten eta urteak behar izan zituzten Portugalen, Euskal Herrian edo Irlandan olatu oso handiak har zitezkeela frogatzeko.

Azkenean, iparramerikarrek aitortu behar izan zuten europarrek arrazoi zutela, alegia, olatu artean Kalifornian edo Txilen adinako distantziarik ez izan arren, itsaski zinez handiak izaten direla Europan. Onarpen horren ostean hasi ziren munduko olatu handietako txapelketa Galea Puntan egiten.

Estatubatuarren onarpena, ordea, orain urte gutxi etorri zen iparramerikar batek ordura arteko olatu altuena izan zitekeena hartu zuenean. 2011ko azaroan egin zen ezagun Nazareko olatua. Izan ere, Garret McNamarak itzelezko olatua hartu zuen bertan eta adituek esan zutenaren arabera, 30 metroko altuera zuen olatu hark. Kritika asko ere jaso zituen, ordea, Macnamarak, irudiak ez zirelako oso argiak.

Sekulako zeresana eman zuten mundu osoan zabaldu ziren irudi ikusgarri haiek. Portugalgo olatuen potentziala eta indarra agerian geratu zen, eta ordura arte famatuenak Hawaii eta Kalifornia iparraldeko itsaski handiak baziren, pixkanaka Europako olatuak ere izena hartzen hasi ziren.

Ordutik, mundu osoko olatu handien maitaleak Europako kostaldean xerkatze lanetan dabiltzala esan daiteke. Azken urteetan surflari ezagun asko ikus daiteke gurean surf egiten eta urautsiak ezagutzen. Europan kalitatezko olatu handiak hartzeko aukera asko dagoela ikusi dute eta itsaski handi bat datorren bakoitzean hegazkina hartu eta olatu handien bila gerturatzen dira.

Europako kostaldean oraindik ezagutzen ez den urautsi andana dago, ordea, eta horretan ari dira Axi Muniain bezalako surflari adituak. Horregatik, argazkilari eta surflari ezagunenak Nazaren daudenean surflari batzuk beste nonbait izaten dira, itsaski handi batek eskain ditzakeen aukera guztiak aztertu eta urautsi berriak probatzen.

Nazareko olatu bitxia

Praia do Norteko arrantzale herrixka honek 15.000 biztanle baino ez ditu urtean zehar, baina neguan, itsaskien etorrerarekin, arrantzaleek lehorrean babes hartu behar dutenean, kostaldeko labarrak surflari, ikusle, bisitari eta argazkilariekin betetzen dira.

Portugalgo kostaldea olatu handien maitaleentzako leku aproposa da; izan ere, Atlantikoko indar guztia zuzen-zuzenean sartzen da bertako badia eta hondartzetan eta zenbait uharriren gainean olatu bikainak jasotzen dira.

Praia do Norten olatu erraldoiak altxatzearen arrazoia bitxia da. Batetik, Portugal itsaski handiei irekia dagoen kostaldea da; eta, bestetik, «Nazareko kanoiaren fenomenoa» izendatzen dutena hartu behar da kontuan.

Dirudienez, kostalde horretan Europako ur azpiko haitzarte handiena dago, 230 kilometroko zabalera eta 5.000 metroko sakonera duena. Arroilaren orientazioak eta itsaskiaren norabideak bat egiten dutenean, olatuak are eta handiagoak dira.

Arroilak inbutu bat egiten du eta uhina leku jakin batean pilatzen du. Horrela, uhinak, bestela inolaz hartuko ez lukeen altuera har dezake, horregatik da munduko olatu handiena jaso daitekeen lekuetako bat.

Olatuak handiak direnean, bost edo sei metrokoak adibidez, olatua indar handiz lehertzen da, baina hamar metrotik gorako uhina sarri inertziaz lehertzen da eta surflari batzuek kritikoak dira, olatua baino, uhina dela baitiote.

Nazareko olatua ezker-eskuin lehertzen da eta piko forman jasotzen da; beraz, surflariak ez du olatua itxi egingo den beldurrik. Hau da, surflariak badaki olatuak alde batera edo bestera beso motza duela, eta beraz, ihesbide ziurra duela.

Hala ere, ez da olatu batere erraza, zeren pikoa ez da beti leku berean jasotzen, asko mugitzen da, eta ondorioz, olatu amaieran beldur izaten dira surflariak atzean datorren olatu munstroak ez ote dituen azpian antzemango.

Edonola ere, gauza bat argia da, orain arteko olatu garaiena Nazaren har daitekeela uste dute olatu handietako surflariek eta itsaski handi bat dagoen bakoitzean Portugalen biltzen dira guztiak, olatu hori nork hartuko lehiatzeko. Horrenbestez, oraindik zeresana ematen jarraituko du urautsi bitxi honek datozen hilabeteetan.

Honi buruzko guztia: Surfa