Senosiain II.a berriro ere maila nagusian arituko da
Atzo, Donezteben, Nafarroako Bigarren Mailako txapela irabazi zuen.
Ez zen ezusterik izan, eta Aitor Senosiainek irabazi zuen atzo Nafarroako Bigarren Mailako txapela, eta datorren urtean Lehen Mailan aritu ahal izango da. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat ebaki behar izan zuen. Jendearen erantzuna ere nahiko polita izan zen, 200 ikusle inguru bertaratu baitziren. Sarrerak 15 euroan zeuden.
Senosiain zen faborito eta ez zuen barkatu. Apurka-apurka zuloa egiten hasi, eta amaieran garaipen ona lortu zuen. Emozioa, ordea, bigarren posturako izan zen. Pellejerok eskuratu zuen, baina lau segundo bakarrik kendu zizkion Eneko Saralegiri. Amaierara arte elkarri betarik eman gabe aritu ziren, baina bukaeran Aresokoak aurre hartu zion. Laugarrena ere ez zuten oso aparte izan, 40 segundora sailkatu baitzen Beltza.
Resanok itxi zuen sailkapena. Bera azkeneko unean sartu da min hartuta zegoen Kañamares II.aren ordez, eta normaltzat har daiteke emaitza hori. Senosiainek 17 minutu eta 59 segundo behar izan zituen lan guztiak burutzeko. Atzetik, Pellejero (18.57), Eneko Saralegi (19.01), Beltza (19.37) eta Resano (19.57), sailkatu ziren.
Nesketan, binakako torneoa ere jokatu da, eta Ariztegik eta Izkuek eraman zuten garaipena. Lau 45 ontzako ebaki behar izan zituen bikote bakoitzak, eta 13 minutu eta 5 segundo behar izan zituzten euren lanak bukatzeko. Bigarren sailkatu ziren Ontsalo eta Etxaburua (13.59) eta hirugarren Garcia eta Sorondo (14.56).
Trontza
Trontzan Nafarroako Lehen Mailan jarraitzeko kanporaketa ere jokatu zuten. Bertan Berruezo eta Oteiza lehiatu ziren Pikabea anaien aurka. Kana-erdikoa etzanda jarrita, 14 epai eman behar izan zizkioten, eta 4, zutik jarrita. Azkenean Berruezok eta Oteizak lan guztiak 8 minutu eta 29 segundoan burutu zituzten, mailari eutsiz, eta Pikabea anaiek 10 minutu eta 38 segundo behar izan zituzten. Hauek maila galdu zuten. Oteizak eta Berruezok hasieratik hartu zuten aurre, eta alde nabarmena kendu zieten aurkariei, bukaerara lasai iritsiz, eta mailari eusteko helburua betez.