Zirkunstantziak eta gu
Liburu honen azala ikusten duena berehala konturatuko da izenburuak ez duela zerikusirik musika kontuekin. Hiru sopranoak ez dira kantariak, futbolariak baizik, eta neskak (edo hori da, gutxienez, azalean ageri dena). Eta hain zuzen hiru neskaren inguruko istorioa da Xabier Mendigurenek eskaini diguna oraingo honetan. Aisha, Aiora eta Aneren istorioa.
«Libre al gara benetan nahi dugun bidea hautatzeko?» esaldi horrekin ekiten dio idazleak kontakizunari; lehen pertsonan, Aneren ahotan jarritako gogoeta batetik abiatuta ezagutuko ditugu hiru neska protagonistak: «Aisha, Aiora eta Ane, ni neu. Hirurek ditugu A-z hasten diren izenak, eta hirurek zailtasun eta gorabeheraz betetako bizitzak. Zirkunstantzia horien ondorioa da gutako bakoitza, baina zirkunstantzia horiekin borroka egiten ere ikasi dugu, nik uste. Gehiago jakin nahi duenak, jarrai dezala orriok irakurtzen». Eta gonbita horren ondoren Anek hiru neskak aurkeztu, eta nola ezagutu zuten elkar, eta hiruren gaineko informazioa emango digu.
Hurrengo hiru kapituluetan, aldiz, istorioa hiru neska horietako bakoitzaren aldetik ikusiko dugu; eta horrela hobeto ezagutuko ditugu Aisha, Aiora eta Ane. Bakoitza bere arazo eta gogoetekin, bere bizitzari aurre egiten nerabezaroan, eta hiru lagunen arteko harremana nola mantentzen den, sendo edo haustear segun eta egoera.
Xabier Mendigurenek immigrazioaren eta immigranteen egoera aurkeztu nahi izan digu istorio honetan, baita ETAren indarkeriarena eta familiarrak preso dituztenena ere. Izan ere, hiru neskek historia bana dute atzean; zailtasunak eta mina, sufrimendua eta maitasuna bakoitzaren bizitzaren ondorioz, bakoitzaren zirkunstantziak direla eta. Horixe izan daiteke liburu honen alderik garrantzitsuena, baina, era berean, handinahiegia dela iruditzen zait. 80 orri baino gutxiagotan (liburua bost atal nagusitan banatuta dago eta hauek kapitulu laburretan) kontu gehiegi ageri direla esango nuke; musulmanen integrazioa, zapiaren erabilera, indarkeriaren biktimak, preso daudenen egoera… eta idazlea ondo atera bada ere, gaiak oso gainetik tratatu izanaren ustea du irakurleak.
Hori bai, erraz irakurtzen da (egiturak eta ilustrazio ugariek ere laguntzen dute horretan) estilo bizi eta arina dela eta; gertakari asko izateak eta elkarrizketek testua ederki arintzen dutelarik. Irakurleari ez zaio astuna gertatuko, aitzitik, konturatu orduko istorioa amaitu dela konturatuko da. Eta pena ere izango du, bizitzak, historiak, aurrera jarraitzen baitu; jarraitu esperantza izpi batekin, liburu honetako protagonistei gertatzen zaien bezala.