Asun Agiriano
HAUR LITERATURA

Hitzak soberan

Bi txori” eta “Saltoka” dira udazken honetan Ttarttalo argitaletxeak kaleratu dituen hitzik gabeko bi album ilustratuak. Liburu hauek bestelako irakurketa proposamenak dira; ilustrazioz jantzirik, haurren irudimena aberasteko aukera eskaintzen duten kontakizun bereziak ditugu.

Egile biak dira kolonbiarrak. Saltoka sokasaltorako gonbit dibertigarria dugu, animalia ezberdinek ere parte hartzen dutela, alaia eta umoretsua aldi berean. Gaurkoan hizpide izango dugu “Bi txori”, Diego Francisco Sanchez Dipacho egilearen obra. Bost urte dira jatorrizkoa argitaratu zela eta, dagoeneko, hainbat tokitan izan da saritua eta aipatua, 2010. urtean Koreako prentsa elkarteak saria eman zionetik aurten Italiako Ibby-Gazte Literaturaren Nazioarteko Erakundeak liburu aukeratuen zerrendan sartu duen arte.

Baziren behin, harreman lasaian, zuhaitz batean bizi ziren bi txori. Bakoitza liburuaren orrialde batean bizi da eta, poliki-poliki, lehian ibili gabe, zuhaitzera gauzak ekartzen hasi dira. Orriak pasatu ahala, gero eta tresna gehiago ekarri dute, gauzak pilatzen eta zuhaitzaren adarretan jartzen ibili dira: batean, motorra; bestean, automobila; to, labadora!; hemen, pianoa, eta…

Haurrak traste hauek guztiak zintzilikatuta eta adarretan pilatuta ikustean barre egingo du, umorearen ikuspuntutik jorratu baita istorioak barnean duen kritika sotila, kontsumismoan oinarritutako gizarte bati egindakoa. Bukaera zein izango den azkar imajina daiteke: txoriek guztia galduko dute, zuhaitzean eurentzat zituzten adar ederrak ere bai. “Bi txori” liburu bikaina dugu modu errazean irakurketa konpartitzeko edota kontsumismoaz eta elkarbizitzaz hitz egiteko.

Narrazio grafikoetan istorioa irakurri egiten da; izan ere, testurik ez egoteak ez du esan nahi irakurketarik ez dagoenik. “Bi txori” liburuan sekuentzializazio narratiboa dago, hasiera-korapiloa eta amaiera erritmo ezin egokiagoan banatzen dira. Liburu mota hauek irudien irakurketa sustatzen dute, irakurtze-ariketa aktiboa eskatzen dute eta begiak zorrozteko aukera eman. Begirada xehetasunetan jar daiteke, horien bila ibil daiteke, zeinek lehenago aurkitu txori bakoitzak zer ekarri duen, adibidez. Berehalaxe ohartzen gara testurik gabeko liburuen helburu ludikoaz.

Dipachoren marrazki dotore eta erakargarriekin egindako book trailerra ikusteko aukera dago Youtuben.

Hamar urte pasatu dira Ttarttalo argitaletxeak kaleratutako “Zatoz, txantxangorria, zatoz!” eta “Zeuk bakarrik ikusten nauzu!” Katalunian sorturiko liburuen itzulpenak izan genituenetik; orain beste bi hauek ikustea pozgarria egin zaigu.

Istorio xumea “Bi txori” hau eta, aldi berean, sakona. Irudiak garbiak dira eta gaia, interesgarria. Hitzik gabeko liburua izanda ere, asko esaten duena. Aurten haur txikientzat kaleratu den liburu onenen artean jartzen dut eta, ugaritasun sasoia gainean dugula, Gabonetan oparitzeko aukera ona iruditzen zait, gogoeta egiteko gonbita izan daitekeelako.

(*Iruzkin honen harira, irakurketaren bitartekariontzat interesgarria “Behinola” aldizkariko 25. zenbakian “Hitzak sobera daude, irudiak mintzo bitez” artikulua, Mikel Ayerbek idatzia).