R.S.
donostia
HAUTESKUNDEAK:EUSKAL HERRIA

Sakabanaketa amaitzeko boza nagusi Euskal Herrian, baina...

Duela lau urte gertatu ez bezala, gatazkaren konponbideari buruz ez da zipitzik ere aipatzen ari Estatu mailako kanpainan, ezta aipatuko denik espero ere. Euskal Herrikoan oihartzun ozenxeagoa lor dezake, baina inola ere 2011koaren mailakoa. Hori dela eta, ez da batere nabarmenduko presoen auzian sakabanaketaren aurkako iritzia lau herrialdeetan garaile aterako dela, erraz.

Inkestetan indartsuen ageri diren hiru indar politikoek, EAJ, EH Bildu eta Ahal Dugu-k, presoak Euskal Herrira ekartzea proposatzen dute beren hauteskunde programetan, nork bere zehaztapenekin eta indar ezberdinarekin. Lehentasuntzat jotzen du EH Bilduk eta hala irudikatu du Bilboko Casilla kiroldegian azaroaren bukaeran eginiko baraualdian eta kanpainan egingo dituen ekitaldietan.

Sakabanaketa amaitzeaz gain, oro har gatazkaren ondorioak eta zergatiak konpontzea egiteko dagoen lana dela gogorarazten du EH Bilduk. Eta Aietetik hona gertaturikoa ikusita, argi du ezin dela Madrilen zain egon eta eginbehar horri Euskal Herrian bertan ahalik eta azkarren heldu behar zaiola. ‘‘Bakerako Euskal Bidea’’ proposamenak marraztu du horretarako ibilbide-orri egingarria.

EAJrentzat, bestalde, Lakuako Bake Plana izenekoa da arlo horretako tresna. Zehatzago, espetxe arloko eskuduntzak hartzeari ematen dio garrantzia, nahiz eta PPk ez duen horretarako inolako borondaterik ageri. Jelkideen ustetan, kudeaketa hori bereganatzeak «Kode Penala benetan aplikatzea» erraztuko luke eta «presoei duela lau urte abiatutako garai berrira egokitutako trataera ematea» ahalbidetuko luke, hori guztia «egungo legediaren koma bakar bat ere aldatu beharrik gabe».

Sakabanaketa amaitzearen gaineko eskaera ez ezik, gaixorik diren presoak kaleratzeko aldarrikapena bere egiten du EAJk programan, nahiz eta horien aldeko mobilizazioetan parte hartzen ez duen.

Ahal Dugu-ri dagokionez, presoen sakabanaketa behin betiko amaitu behar da, duda izpirik gabe. Pablo Iglesias espainiar presidentetzarako hautagaiak behin baino gehiagotan adierazi du neurri horrek «senideak zigortzen dituela». «Salbuespen politika» badela ere ez du bazterrean uzten.

Begirada lau urte hauen gainean pausatuaz, kalean jende arruntak elkarbizitzaren alorrean aurrerapauso ugari eman duela baina ordezkari politikoak oso atzean gelditu direla baieztatzen du alderdi berriak. Eta horretarako guztion elkarlana sustatu behar dela uste du.

Hala ere, orain arte behintzat ez da presoen auzia Ahal Duguren lehentasunen artean ageri. Mobilizazio edo ekitaldi propiorik ez du bultzatu. Arnaldo Otegi askatzearen alde urrian Donostian eginiko mobilizazioan parte hartu zuten hainbat ordezkarik, baina zuzendaritzaren irizpidearen aurka.

PSOE eta PP

Kongresuko euskal eserlekuen heren bat baino gutxiago eskura dezaketenek, PSOEk eta PPk, aldiz, betikoan segitzen dute. Presoen auzian baino, «terrorismoaren deslegitimazioan» jartzen dute indarra:«Norbait hiltzea gaizki egon zela aitortu behar da beti, eta horren inguruan osatuko diren gune guztietan egon eta egongo gara». PSEk eta PPk blokeaturik dute Gasteizko Legebiltzarreko ponentzia hasiera-hasieratik.

PPren ustetan, gai honen gainean hitz egiteak ere ez du zentzurik:«Iraganeko oroimen garratza baino ez da ETA, eta ez luke inongo gobernuren lehentasuna izan behar».