Oinarrizko kanpamentu zabala du xede EH Bilduk, gailurra egiteko
Donostiako Trinitate plaza beteta, amaiera ekitaldi bizia egin du EH Bilduk Gipuzkoan. Han ziren herrialdeko hautagaiak, Marian Beitialarrangoitia buru, baita herrietako ordezkariak eta ezker abertzaleko makina bat aurpegi ezagun ere. «Zenbat eta boto gehiago, azkarrago egin ahal izango dugu independentziara bidea», aldarrikatu zuten.
Ostiral iluntzea, Donostiako Parte Zaharra jendez gainezka, aisialdiaz gozatzen. Eta Trinitate plazan, «ameslari» piloa, baina «hankak lurrean» dituena eta «lokatzetan zikintzeko beldurrik gabe». Igandean pauso bat gehiago eman nahi du EH Bilduk herritarrekin batera. Hasier Arraizek aldarrikatu zuenez, bukatu dira Madrilera eskean joateko garaiak. Orain, «Euskal Herriaren ahotsa entzunaraztera» joatea dute helburu, hemen erabakitakoa aditu dadin.
Oinarrizko kanpamentu zabala jartzea da asmoa, laster tontorrera heltzeko. «Zenbat eta pauso handiagoa, gailurretik hurbilago», ohartarazi zuen Sortuko presidenteak eta EH Bilduko parlamentariak. Eta ideia bera berretsi zuen Marian Beitialarrangoitia Madrilgo Kongresurako Gipuzkoako hautagaiak: «Zenbat eta boto gehiago, orduan eta azkarrago egin ahal izango dugu independentziara bidea».
Talde anitza eta prestatua
Legazpin jaio eta Hernanin bizi den politikariak ondoan izan zituen zerrendakideak: Rafa Larreina, Maite Sarasua, Ander Rodriguez, Igone Lamarain, Gotzon Elizburu... Baita ezker abertzaleko ordezkari ugari ere, gazte eta zaharrak, emakume eta gizonak. Batzuk aipatzeagatik, han ziren Juan Karlos Izagirre, Rebeka Ubera, Martin Garitano, Garazi Mugertza eta Ainhoa Beola.
Aulki guztiak bete zituztenean, poesia eginez abiatu zen ekitaldia, gizakiok zuhaitzen antza dugula ohartaraziz. Haiek bezala guk ere sustraiak ditugu. «Ez ditugu ikusten gure oinen azpian, baina maitasuna ere ez da ikusten eta nork esango luke ez dela? (...). Gure sustraiek abantaila bat dute, ordea, herrira lotzen gaituzten arren ibiltariak dira».
Poesiari umoreak jarraitu zion Maider Carrere eta Gotzon Elizburu gazteei zuzendu zitzaizkienean, irudimenez betetako bideoen laguntzaz. Gero, gazteak serio jarri eta “igandean zer egingo dugu?” galdera planteatu zuten. Kristalezko bolarik izan gabe ere, bi gauza erran zituzten ziur: «Espainiatik ez da aldaketarik espero behar eta aukera bakarra Euskal Herrian dago. Eta Marianek paxara ederra emango du Madrilen. Ez dakite ongi zer nolako emakumea izango duten... Baina, Marianez gain, talde anitza eta prestatua dugu, burujabetzaren eta beste eredu sozial baten alde lanean aritua».
Carrerek eta Elizburuk nabarmendu zuten ez doazela Madrilera «apurrak jasotzera», «hobeto bizitzeko urratsak egitera» baizik. Emakume, gazte eta egoera irauli nahi duten guztien botoa eskatu zuten.
Rafa Diezi gutuna
Ekitaldiko momenturik hunkigarrienetakoa bertze gazte batek, zerrendako kide den Naike Diezek, Rafa Diez aitari idatzitako gutuna irakurri zuenekoa izan zen, musikaz lagunduta. Azken hilabeteetan familiak lan karga handia izan duela kontatu zion eta hautagai izateko proposamena egin ziotenean aitaren aholkua bilatu zuela. Sonia Jacinto, Harkaitz Rodriguez eta Miren Zabaleta askatu zituztenekoa ere oroitu zuen Naikek, hiru pertsona zoragarri ezagutu dituela baina oraindik aita eta bertze aunitz falta direla.
Donostiako manifestazio jendetsua oroitu zuen, Arnaldo, Rafa eta besteak askatzearen aldekoa, eta, zapata bat erakutsiz, oholtzara gonbidatu zituen falta diren guztiak. Hala, jende pila goititu zen eta bakoitzak oinetako bat utzi zuen. Olentzerori utzitako zapatak ziruditen. Desioa, denak laster etxean izatea.
Arraizek duela sei hilabete Kursaalen EH Bilduk egin zuen autokritika oroitu zuen, mingarria izan bazen ere jende aunitzek eskertu diena, eta autokritika hura ibilbide politiko bilakatzen saiatzen ari direla azaldu zuen. «Herritarrei aditu eta jasotakoa iparrorratz» bilakatzen ahalegintzen ari dira.
Bota gorri parearekin igo zen oholtzara Beitialarrangoitia, amesten duen Euskal Herri berde, more eta gorriaren erakusle. Bertze eskuan bi gutun-azal zituen, igandean gako izanen direnak, sustraientzat zein adaxka gazteentzat.
Adierazpenak
«Autokritika ibilbide politiko bilakatzen saiatzen ari gara, herritarrei aditu eta jasotakoa iparrorratz bilakatzen»
Hasier ARRAIZ, Sortuko presidentea eta EH Bilduko parlamentaria
«Igandean gure oraina eta etorkizuna daude jokoan, gure bidea egitea, eta erabakiz erabaki burujabetza osoa lortzea»
Marian BEITIALARRANGOITIA, Gipuzkoako hautagaia Madrilgo Kongresurako