Gorka Karapetok,astebetean, 8b+ bat bistan eta bi 9alanduta sinatu ditu
Eskalatzaile azpeitiarrak 9a zailtasuneko «Estado critico» eta «Super nowa»bideak kateatu ditu. «Falconetti» marra (8b+), berriz, bistan egin du.
Gorka Karapetok 17 urte zituen orrialdeotan lehen aldiz azaldu zenean. Garai haietan, “Azpeitiko satelitea” goitizena jarri genion; izan ere, zerumugan izarrak lerrokatzen zirenean, Karapeto beti agertzen zitzaigun kateatze adierazgarri batekin. Egun, 34 ditu; eta lasai asko esan dezakegu adinak arrastoa utzi diola.
Urtearen azken hondarretan gaude, eta urteen poderioz azpeitiarrak jasotako eskarmentuari esker, denboraldi honetan beste estilo batekin ikusi dugu. Gainera, gustura baino gusturago.
Udan hasi eta ia udazkena arte, protagonista pareta alpinoetan gogor estutzen izan da. Ordesatik, Peña Montañesatik, Ansabereko orratzetatik, Picu Urriellutik... igaro da. Eta haietan guztietan jasotako uzta azpimarratzeko moduko da. Zerrenda mugatzeko bi aipatuko genituzke: “Zaratustra” (8a, 400 m, Ordesa) eta “Pila del Cantabrico” (8a+, 500 m, Picu Urriellu).
Hormatzar horietan jo eta su jardun zuen; ez ordea, kirol eskaladan. Baina, Karapetok GARAri adierazi dionez, udazkenaren hastapenarekin, bere buruan klik egin eta bide motzagoetara trantsizioa egin zuen: «Paretetatik bueltan, pixka bat hozten hasi eta Etxauritik agertzen hasi nintzen. Hormatzarretatik kirol eskaladara eginiko prozesua mantso eta oso lasai hartu nuen. Poliki-poliki sasoia hartzen hasi nintzen, eta, oso eroso sentitzearekin batera, ‘Amaiur 1522’ bidea (8c) hiru egunean sinatu nuen. Ondoren, gogo handia probatzeko nuen ‘Kidetasunaren balio erantsia’ (8c+) ere hiru egunean kateatu nuen».
Denborak aurrera egin ahala, eskalatzaileak gogor estutzen zein entrenatzen jarraitu du. Eta horren guztiaren uzta nagusia azken egunotan iritsi da; izan ere, astebeteko tartean, 8b+ bat bistan eta bi 9a landuta egiteko gai izan da.
Oso sasoiko
Karapetok lehen urratsak pasa den zubi luzean egin zituen. Siuranan 9a graduko bere bosgarren marra (“Estado critico”) sinatu zuen: «Duela pare bat urte probatu nuen. Eta bidaiaren lehen hiru egunetan saioak egin eta gertu utzi nuen. Bideak zuen hezetasuna zela-eta, Montsantera joan eta han, ‘Rat Apenat’ bidean (8a, bistan) berotu ondoren, ‘Falconetti’-n (8b+) sartu eta bistan egin nuen. Biharamunean, berriro ‘Estado critico’-ra itzuli nintzen eta kateatzeko aukera izan nuen. Beraz, bi eguneko tartean, bi marra horiek poltsikoratu nituen».
Esan dugunez, “Estado critico” eskalatzailearen bosgarren 9a izan da. Baina seigarren bat ere lortu du; hain zuen ere, pasa den asteazkenean: «Kataluniatik bueltan, Vadiellotik pasatu eta ‘Super nowa’ probatu nuen. Oso nekatuta nengoen, baina gertu ikusi nuen. Pasa den astean, berriz, lehen saioan berotu eta bigarrenean kateatu nuen. Sentsazio txarrekin eskalatu eta asko borrokatu behar izan nuen; uste dut buruarengatik poltsikora eraman nuela».
Astebetean, beraz, emaitza ederra erdietsi du: «Nire ibilbidean ez nuen beste 8b+ bistan eginik, eta, gainera, bi 9a gehitzea uste dut garrantzitsua dela. Sentsazio onak izaten ari naiz, eta uste dut oraindik zer edo zer gehiago emateko pronto nagoela. Sasoia pixka bat indartuko banu, ‘Papichulo’ edo ‘La Rambla’ bezalako bideak (biak ala biak 9a+ dira) probatuko nituzke. Baina etxetik urruti daude».
Azpeitiarrak, bederen, motibazioa ez du galdu, eta, hura ezagututa, berri pozgarri gehiago eman ditzake: «Gogo handiz nabil, eta ikusi dut sasoia era naturalean itzuli dela. Adinean aurrera noa, baina horrek plus bat eman dit».