Jon LEUNDA
Berezkoak

Denek amesten zuten finala izango da ikusgai

Batitte Ducasou eta Peio Larralde neurtuko dira gaur 17.00etatik aurrera Donibane Garaziko Garat trinketean, Superprestige torneoko finalean. Biak ziren aditu guztien ustez finalean izateko bi faboritoak, eta bietako inork ez du hutsik egin.

Segur aski, gaur egun trinketeko esku pilota profesionalean dauden bi pilotaririk onenak izango dira, eta orain arte jokatu dituzten partidetan ere erakutsi dute. Biek eramaten dute jende asko trinketetara eta gaur arratsaldean ere Garat trinketeko harmailak beteta izango dira.

Faboritoa zein izan daitekeen esaterakoan, zaleen iritziak ez dira berdinak. Badirudi hasieran dirua Ducassouren alde aterako dela, baina Larralde ere ezin da ahaztu. Biak itxura bikaina emanda datoz. Lehiaketa hau hasi aitzin bazeuden zalantza batzuk Ducassorekin, azkenaldian zenbait arazo izan dituelako, baina Lanberten aurka bikain aritu zen.

Larraldek final-laurdenetan ekin behar izan zion lehiaketari, eta lehen partida hartan inongo eragozpenik gabe gainditu zuen Monze. Finalerdietan Paxkal Ezkurra izan zuen aurkari, eta harekin arazo gehiago izango zituela uste zen, baina Urruñakoa ere gainetik pasa zuen. Jokatutako bi partidak irabazi ditu beraz, eta bietan estutu handirik hartu gabe lortu du gainera.

Egungo txapelduna izanik, Ducassou finalerdietan sartu zen lehian, eta partida bakarra irabaztea nahikoa izan du finalean izateko. Sasoi oso onean zetorren Ximun Lanberten aurka jokatu behar izan zuen, eta aise menderatu zuen, nahiz eta lehen zatian gehiago kostatu zitzaion. Gaur arratsaldekoak final eder bat izango den itxura guztia dauka.