Jon ORMAZABAL
Zesta

Oinarria dirdiraren aurretik

Gaur goizean aurkeztuko da Markinako Uni-an Xistera, Euskal Herri osoko klub guztiak lehen aldiz batukodituen egitasmoa. Eskolak indartzea eta urte osorako jarduera ziurtatzea izango dira bere lehen urratsak.

Bere garairik oparoenetan, zesta-punta izan da Euskal Herriak nazioartean izan duen erakusleihorik handiena, gaur egun, ordea, aspaldiko egoerarik kritikoenean aurkitzen da pilota modalitaterik azkarrena. Bi dira gaur egun Ameriketako Estatu Batuetan zabalik geratzen diren pilotalekuak eta horietan ere, egun batetik bestera itxiko dituzten mehatxua ez da, ez, txikia. Egoera tamalgarri hau iraultzeko xedez dator Euskal Herri osoko klubak lehen aldiz batuko dituen Xistera elkartea, baina dirdiraren malenkoniaren aurretik, oinarrian eragiteko asmoz.

Euskadiko pilota federazioaren ardura hartu zuenetik, honelako egitasmo bat eratzea izan da Patxi Jauregiren lehentasuna eta, oztopoz betetako ibilbide baten ostean, gaur ikusiko du argia ilusio handia sortu dion Xisterak. «Egoera kritikoa da eta eskolak oso ahul daude. Urte askoan umeei erakusten aritu den jendeak, puntista ohiak gehienak, ez du etorkizunik ikusten eta kasu askotan behintzat, uzteko asmoa erakutsi dute. Horri buelta eman eta zesta biziberritu eta klubak indartze aldera sortutako proiektua da hau», azaldu zion GARAri alegiarrak.

Xistera egitasmoaren arduradunek oso argi dute ze esparrutan eragin nahi duten. Lehenengo, 6, 7 edo 8 urteko umeak zesta-puntara erakarri nahi dituzte eta horretarako oso argi daukate herrietako eskolak indartu behar dituztela, beharrezkoa den materiala eta teknikariak euren esku jarriz. Era berean, eskoletan dabiltzan gazteek gaur egun duten lehiaketa eta erreferente gabeziari aurre egiteko eliteak eta gaztetxoak lehiatuko diren bi zirkuitu eratzea ere oso beharrezkotzat jotzen dute. Izan ere, etorkizunerako aukera ezaren aurrean, oso ohikoa baita 13 edo 14 urteko gazteek beste kirol erakargarriagoetara jauzia ematea.

Herrialde guztietakoak

Lehen aldia da Euskal Herri osoko klubak elkartuko direna, eta sinergia eta batasun honek urte guztian zehar lehiatzeko eta elkarrekin harremanetan egoteko aukera emango die. Euskadiko Federazioak, gainera, oso argi du proiektuak nazio osorako ikuspuntua izan behar duela eta Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko klubak ere Xistera egitasmoaren parte izango dira.

Eta profesionalak zer? «Momentuz behintzat Euskadiko Federazioari eta klubei [bien arteko ekimena da Xistera] ez dagokie horretan sartzea, lehentasuna oinarriko pilotariak eta eskolak indartzea da. Proiektu honek aurrera egiten badu, urte guztian jarduera izango duen zirkuitu bat sortzen badugu… Horiek denak ondo eginda emaitzak onak izaten badira, etorriko da frontoiren bat profesionalki sortzeko aukera edo halako historiaren bat, baina hori urrutira begira», gaineratu du oinak lurrean dituen Jauregik. Izan ere, urratsak motzak baina sendoak izatea behar da.

Lakua eta Nafarroako Gobernuko ordezkariak izango dira

Egitasmoari behar bezalako ongietorria emateko, ekitaldi ikusgarria antolatu dute sustatzaileek gaur goizerako Markinan. 10.15ean herriko plazan izango den harreraren ostean, sarrera doan izango duen ospakizun nagusia goraino beteko den Uni pilotalekuan izango da 11.30ean.

Ohiko hitzaldien ostean, txikienek hartuko dute protagonismoa, zesta-punta erakustaldia emango baitute, «Euskal Herri osotik etorritako 800 ume eta gurasoren aurrean», antolatzaileek esan dutenaren arabera. Gainera, 6 eta 10 urte bitarteko haurrek opari berezi bat ere jasoko dute, saski eta pilota bana eramango baitituzte etxera.

Baina politikariek ere izango dute euren protagonismoa eta esanguratsua da oso ekitaldian Lakuako eta Nafarroako Gobernuko ordezkariak izatea, izandako liskar guztien ostean, bi erakundeen babesa izango baitu Xistera egitasmoak eta horrek babes handia ematen dio kluben elkarte berriari. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Aldundiek ere euren laguntza eskainiko dute eta Patxi Jauregik bereziki eskertu du Bizkaiko Kirol, Gazteria eta Kultura diputatua, Lorea Bilbao. «Hasieratik gurekin izan da, gehien busti dena izan da eta eskerrak eman beharrean nago».

Gainera, momentuz bost dira Ipar Euskal Herritik Xisterara batzeko eskaera luzatu duten klubak.J.O.

Honi buruzko guztia: Zesta