Xole Aramendi
Kazetaria
IKUSMIRA

Zilbor-hesteak

Deskonektatzeko beharra daukat eta kanpora noa. Asteburuan ez naiz inorentzako egongo». Halaxe esan dio Mirenek Aitorri. Azken asteak gogorrak izan dira. Lanaldi astunak, etxea... eta asteburua iristean gurasoak zaindu behar... ez du ia arnasa hartzeko denborarik ere hartu.

«Bizi al zara?», galdetu dio gaur goizean igogailuan bizilagunak eta bizi? biziraun... pentsatu du... nahiz ez dion hori erantzun. Azalpenak eman beharrean sentituko zen eta ez zeukan gogorik.

Etxeko egongelaren mahai gainean utzi du ordenagailua. Hiruzpalau egunez ez du ikusi ere egin nahi. Sakelakoa ez, hura poltsan hartu du baina bere buruari zin egin dio goizean eta gauean bakarrik erreparatuko diela jaso dituen deiei eta mezuei. Eta premiazkoak direnak bakarrik erantzungo dituela. Hala dio berekiko. Autoan sartu eta badoa. Gertuko herri batean hartuko du ostatu. Nekatuegi dago ordu luzez gidatzeko.

Pare bat aldiz aurre egin behar izan dio sakelakoa begiratzeko tentazioari. Txiki sentitu da Whatsapp-aren soinurik entzun gabe. Ezdeus. Mundua berataz ahaztu den sentsazio mingarriaz. Etxeko ordenagailuaz ere gogoratu da.

Baina lortu du. Orduak aurrera doaz eta burua pixkanaka hasi da laneko buruhausteak eta etxeko kezkak atzean uzten... Kanpora begiratu beharrean bere barrura begira jarri da.

Une batean negar zotinka hasi da, zergatik den oso ondo ez dakiela. Denagatik. Hutsik sentitu da, indarge, eta era berean lasai.

Munduarekin lotzen duen zilbor-hestea eten eta bere buruarekin lotzen duenarekin konektatu du. ON dago, ez OFF.