Jon LEUNDA
Aizkora

Saio erabakigarria Beasainen

O’Toole eta Vicente II.a bikotea Azurmendiren eta Larretxearen aurka neurtuko da 19.00etan.

Binakako Urrezko Aizkorako lehen faseko azkeneko saioa jokatuko da gaur, 19.00etan, Beasaingo Antzizar kiroldegian, eta gauza asko daude jokoan, han jakingo baita finalera zuzenean sailkatuko den bigarren bikotea zein den, baita finalerdia jokatu beharko duena ere.

Laurence O’Toole eta Iker Vicente Iñaki Azurmendiren eta Donato Larretxearen aurka neurtuko dira. Bikote bakoitzak jardunaldi bat jokatu du orain arte, eta oso emaitza ezberdinak lortu dituzte Otaegiren eta Lopezen aurka, hauek osatu baitute multzo hau. Nafarrak eta australiarrak jokatutako saioa irabaziko balute, finalean izango dira zuzenean, eta horrekin batera Azurmendi eta Larretxea kanpoan geratuko lirateke, eta Otaegi eta Lopez, berriz, finalerdietan izango dira; izan ere, hiru bikote neurtuko dira finalean: multzo bakoitzeko lehen sailkatuak, eta hirugarrena, berriz, bigarren geratzen diren bi bikoteek jokatuko duten finalerdiaren ostean jakingo da.

Azurmendik eta Larretxeak irabaziko balute, berriz, gauzak aldatuko lirateke, eta emozioa ere gehituko litzateke; izan ere, multzoan hiru bikoteak puntu banarekin geratuko lirateke, eta hor saio bakoitzeko denborak batuta erabakiko litzateke sailkapena. Ondorioz, O’Toolek eta Vicente II.ak galduta ere izan dezakete zuzenean finalean sartzeko aukera. Garbi dagoena da gaur iluntzekoa Azurmendik eta Larretxeak irabazten ez badute etxera joango direla.

Bikote bakoitzak sei proba ezberdin egin behar izango ditu, eta denetako denborak batutakoan jakingo da zein izan den onena, nahiz eta saio bakoitzeko denborekin ere gauzak nola doazen ikusten den. O’Toole eta Vicente dira irabazteko faboritoak. Lehenengo jardunaldian sekulako itxura eman zuten. Proba azkarrak eta laburrak dira, azkenekoa kenduta, eta hor australiarra maisua da. Aurreko jardunaldian, 45 ontzakoa minutu erdian erdibitu zuen, eta lorpen horrek dena esaten du. Larretxea eta Azurmendi ahaleginduko dira proba motzetan eusten, edo ahalik eta denborarik gutxien galtzen, iraupen proba irabazi eta aurrera egiteko.

Baina ez da O’toole bakarrik, berak duen laguna ere handia baita. 18 urte besterik ez ditu Iker Vicentek, baina sekulako maila ematen ari da. Iazko Nafarroako Lehen Maila eta Euskal Herriko Bigarren Maila irabazi ditu Otsagabikoak.