Jon LEUNDA
Aizkora

Banatu dira Munduko Txapelketako txartel denak

Luix Txapartegi, Joseba Otaegi, Jon Rekondo eta Eneko Otaño izan dira sailkapena lortzen azkenak

Eneko Otañok, Jon Rekondok, Luix Txapartegik eta Joseba Otaegik lortu dute Abiadurako Munduko Txapelketan izateko txartela, eurak izan baitziren herenegun jokatu zen kanporaketako onenak. Beraiekin batera, Iñaki Azurmendi, Arkaitz Jauregi, Aitzol Atutxa, Iker Vicente, Laurence O’Toole, Ruben Saralegi, Felix Etxeberria, eta Italiako eta Txekiako txapeldunak ere izango dira hasiera batean. Ikusgai dago zer egingo duten Frantziako eta Suitzako txapeldunek.

Aldaketa ugarirekin jokatu zen bigarren kanporaketa hau, eta azkenean bi ez baino lau izan ziren sailkatutako aizkolariak. Aurreneko fasea, Julen Kañamaresek eta Jokin Alkizaletek jokatu zuten kanporaketarekin abiatu zen, eta Kañamaresek 39 segundoko aldea lortu zuen

Ondorengo neurketan, Jon Rekondo eta Aitor Senosiain neurtu ziren, eta leitzarrak lortu zuen garaipena, amaieran 29 segundoko zuloa eginez. Jarraian, Luix Txapartegi eta Eloy Kortxero kantxaratu ziren, eta gipuzkoarrak 13 segundo aterata lortu zuen aurrera egitea.

Gero, Arria V.a eta Larrea III.a neurtu ziren, eta errezildarrak ez zuen izan aparteko arazorik garaipena lortzeko, 50 segundoko aldea lortu baitzuen. Eneko Otañok ere aurrera egin zuen, Mugertza III.a menderatuta. Beizamakoak amaieran 55 segundo kendu zizkion mutrikuarrari. Ondorengo kanporaketan egon zen eguneko alderik handiena, Mikel Larrañagak minutu eta 20 segundo kendu baitzizkion Aitor Jauregiri. Lopezek berriz, 50 segundoko zuloa kendu zion Zalduari, eta azkenik Otaegiren eta Mujikaren artekoa izan zen lehen faseko lehia estuena, zizurkildarrak 10 segundo soilik atera baitzizkion Ibarrakoari.

Lehen fasea amaituta, bigarrengoari ekin behar izan zioten, eta saio erabakigarria zen, garaipena lortzen zuenak lortzen baitzuen finala jokatzeko txartela. Aurreneko kanporaketan, Jon Rekondok erraz kanporatu zuen Julen Kañamares. Leitzakoak bi enborrak 2 minutu eta 31 segundoan bota zituen, eta Aroztegikoak, aldiz, 3 minutu ea 23 segundoan.

Bigarren kanporaketan, Luix Txapartegi eta Aria V.a neurtu ziren, eta emozio handikoa izan zen neurketa hau, nahiz eta Txapertegik irabazi. 3 minutu eta 58 segundoan amaitu zuen lana, eta 4 minutu eta 6 segundoan, berriz, errezildarrak.

Eneko Otañoren eta Mikel Larrañagaren artekoa ere dotorea izan zen. Azpeitiarrak aurretik bota zuen lehen enborra, baina bigarrengoan aurka zuen aldea irauli eta garaipena lortu zuen Beizamakoak. Eneko Otañok, 2 minutu eta 48 segundoan amaitu zuen bere egin beharrekoa, eta Mikel Larrañagak bi minutu eta 54 segundoan.

Azkenik, Juanjo Lopez eta Joseba Otaegi neurtu ziren, eta gipuzkoarrak lortu zuen garaipena. Bi minutu eta 34 segundoan amaitu zuen jarduna, eta 3 minutu eta 3 segundoan, berriz, Juanjo Lopezek. Orokorrean saio polita izan zen.

Badaiotz eta Ñapurrak txapeldun

Badaiotzek, emakumeen 500 kilokoan, eta Ñapurrak taldeak, mutilen 600 kilokoan, lortu zituzten herenegun Idiazabalen Euskal Herriko Goma Gaineko maila horietako txapelak. Emakumezkoetan Gaztedik abantailarekin ekin zion azkeneko jardunaldiari, baina hori Badaiotzek irabazi zuen, eta, ondorioz, kitarakoa jokatu behar izan zuten. Hor, arabarrak nagusi izan ziren, eta txapela eurentzat izan zen. Gaztedi bigarren geratu zen, eta Ibarra izan zen hirugarren.

Mutilen 500 kiloko finalean, berriz, Ñapurrak taldea izan zen onena. Ezpeletako taldea jaun eta jabe izan zen, eta jokatu zituen tiraldi guztiak irabazita lortu zuen txapela. Aurreko bi pisuetan Muruetak irabazi zuen eta asko zeuden haiei begira, baina oraingo honetan bizkaitarrak laugarren postuan sailkatu ziren. Bigarren postua Sokarrik eskuratu zuen, Abadiñok hirugarrena, Beti Gaztek bosgarrena, eta azkena Ibarra izan zen jokatutako lehia guztiak galduta. J.L.