Jon LEUNDA
Aizkora

Azpeitiko finalean izateko azkeneko aukera izango da

Juanjo Lopez eta Joseba Otaegi Ruben Saralegiren eta Jon Rekondoren aurka neurtuko dira bihar eguerdian.

Urrezko Aizkorako Binakako Txapelketako finalerdia jokatuko da bihar, 12.00etan, Oñatiko Foruen plazan, eta han neurtuko dira Jon Rekondo eta Ruben Saralegi Juanjo Lopezen eta Joseba Otaegiren aurka. Irabazten duenak finala jokatuko du bi aste barru. Atutxa eta Mugertza II.a eta O’Toole eta Vicente II.a jadanik sailkatuta daude.

Bi bikoteok euren multzoetan bigarren geratu ziren eta horregatik jokatu behar dute finalerdia. Multzo bakoitzeko onenak zuzenean sailkatzen ziren finalera, eta bigarrengoek jokatu behar dute finalerdia, azkeneko ekinaldian hiru bikote lehiatuko direlako.

Bi bikoteak norgehiagoka bat irabazi eta bestea galduta iritsiko dira, eta sasoi onean heldu dira. Sei lan ezberdin egin beharko dituzte, aurreneko bostak laburrak, eta azkenekoa, iraupen proba. Ez dirudi ezer erabakiko denik azkeneko saiora arte, nahiz eta aurten iraupen probara iritsi aurretik erabaki den gehienetan.

Bestetik, otsailaren 21ean Tolosan jokatuko den Abiadurako Mundu Txapelketan arituko diren aizkolari guztien izenak jakinarazi ditu Egur Sport enpresak. Jon Rekondo, Ruben Saralegi, Felix Etxeberria, Joseba Otaegi, Luix Txapartegi eta  Eneko Otaño dira kanporaketak gainditu ostean sailkatu direnak. Zuzenean sartu direnak, berriz, Aitzol Atutxa, Iñaki Azurmendi, Iker Vicente, Arkaitz Jauregi, eta Donato Larretxea. Atzerritik datozenak, berriz, honako hauek dira: Juanillo Rodriguez (Espainia), Laurence O’Toole (Australia), Paolo Vicenzi (Italia) eta Pierre Puybaret (Frantzia). 

Beraz, azken orduko ezusterik ez bada, horiexek arituko dira. Atzerritik datozenetatik bi ezagunak dira; izan ere, Juanillo Rodriguez Euskal Herrian askotan aritu da, eta Arabako Federazioan ere izan du lizentzia. O’Toole une honetan ere gure artean da. Binakako Urrezko Aizkora jokatzen ari da, eta finalerako txartela eskuratu du. Bera izan daiteke irabazteko faborito nagusia. Puybaret frantziarra eta Vicenzi italiarra ezezagunak dira Euskal Herrian, baina nazioartean ezagunak dira oso, lehiaketa gehienetan aritzen baitira. Euren herrialdeetako onenak dira.

Apustua

Urteko bigarren apustua sinatu da, eta oraingoan harri-jasotzean izango da. Josetxo Urrutiak eta Urtzi Telleriak egin dute eta abenduaren 3an, oraindik zehazteko dagoen leku batean, jokatuko dira; ordua, bai, zehaztuta dago, 18.30ean hain zuzen. Bakoitzak bere pisua bi bider pisatzen duen harria erabili beharko du. Harri-jasotzaile bakoitzak sei minutuko hiru txanda izango ditu egin beharrekoa egiteko, eta alde bakoitzak 3.000 euro jarriko ditu jokoan. Egiten duten lehen apustua izango da bi kirolarientzat, baina biak dira eskarmentudunak.

Mundukoari begira jartzeko garaia da

Amaitzear da Goma Gaineko Euskal Herriko Txapelketa, ostegunetik aurrera Mundu Txapelketa jokatuko baita. 560ko finala jokatuko da gaur, 17.00etan hasita, Erandioko Altzaga kiroldegian. Saio bakarrera izango da, eta parte hartuko duten taldeak hauek izango dira: Ibarra, Berriozar, Ñapurrak A, Ñapurrak B, 6 Conceyos, Abadiño, Sokarri, Murueta, Baiona eta Beti Gazte. Mutiletan orain arte hiru final jokatu dira, eta aurreneko biak Muruetak irabazi zituen, 680 eta 640koan; 600ekoa, berriz, Ñapurrak taldeak eraman zuen. 

Bihar, berriz, Laukizko probalekuan neurtuko dira 600 kiloko talde mistoak, 11.30etik aurrera. Talde bakoitzak lau mutil eta lau neska eraman behar ditu. Ibarra, Berriozar, Gaztedi A eta Gaztedi B arituko dira. Mistoetan saio bakarra izaten da urte osoan zehar, eta horixe da biharkoa. Beraz, faborito garbirik ez dago. Ondoren, Munduko Txapelketari begira jarriko dira.  J.L.