Saralegi eta Rekondo ere finalean izango dira
Jon Rekondo eta Ruben Saralegi sailkatu ziren atzo Urrezko Aizkorako Binakako finala jokatzeko, eta hemendik bi astera Azpeitian arituko dira. Hantxe izango dira baita ere O’Toole eta Vicente II.a eta baita ere Mugertza II.a eta Atutxa II.a.
Aurtengo Binakako Txapelketan gutxitan gertatu da, baina atzokoan iraupen probak erabaki zuen auzia. 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu izan zen egin beharreko aurreneko lana, eta nafarrek hor lortu zuten aurreneko aldea, 39 segundoan amaituta, aurkariei 5 segundo atereaz.
Bigarren proban, aldea handitu egin zuten. 45 ontzakoa erlojuz kontra ebaki behar izan zuten, eta Leitzako bikoteak 39 segundoan amaitu zuen, beste bost segundo gehiago sartuz.
Hirugarren lanean, ordea, Lopez eta Otaegi gailendu ziren. Zutik jarrita kana-erdiko bat erdibitu behar izan zuten, eta minutu eta 58 segundoan bukatu zuten, aurka zuten aldea bost segundoan laburtuz. Laugarrengo saioan ere aldea murriztu zuten. Bi kana-erdiko ebaki behar izan zituzten, eta Lopezek eta Otaegik minutu eta 54 segundoan amaitu zuten lana.
Azken-aurreko saioan, ordea, bidea asko okertu zitzaien Zizurkilgoari eta Lezaungoari. 45 ontzako bat zutik jarrita eta kana-erdikoa etzanda jarrita ebaki behar izan zituzten, eta lan hori bi minutu eta 44 segundoan amaitu zuten leitzarrek, eta 16 segundo kendu zieten aurkariei.
Saralegi eta Rekondo iraupen probara 22 segundoko tartearekin sartu ziren. Azkeneko proba honetan, bikote bakoitzak bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu behar izan zituen. Saralegik eta Rekondok 11 minutu eta 39 segundoan amaitu zuten lana, eta 13 minutu eta 8 segundoan Lopezek eta Otaegik. Lan guztiak burutzeko, 19 minutu eta 40 segundo behar izan zituzten Rekondok eta Saralegik, eta 21 minutu eta 31 segundo Otaegik eta Lopezek.
Oraingoz Arriak ez du apusturik jokatuko, berak botatako desafiora ez baita inor azaldu. 30 kana-erdikotara Larretxeari edo beste edozeini jokatzeko prest agertu zen, enborrak berak eramanda, baina ostiralean Errezilen jarri zuen zitara ez zitzaion inor agertu.