Jon LEUNDA
sokatira

Dominei begira hasiko dute euskal taldeek Mundukoa

Mundu Txapelketa gaur abiatuko da Herbehereetako Volendam herrian, mutilen 560ko jardunaldiarekin.

Gaur hasi eta igandean amaituko da Herbehereetan, Volendam herrian, jokatuko den Munduko Txapelketa. Bertan Euskal Herriko talde ugari izango dira, eta horietako gehienak Euskal Herriaren izenean arituko dira, baina hiruk Frantziaren izenean aritu beharko dute.

Abadiño, Berriozar, Beti Gazte, Ibarra, Murueta eta Sokarri izango dira Euskal Herria ordezkatuz mutiletan arituko diren taldeak gaur eta bihar kluben mailako lehiaketan, eta Badaiotz, Gaztedi eta Ibarra, nesketan. Berriozar, Gaztedi eta Ibarra mistoan ere arituko dira. Larunbatean eta igandean, berriz, selekzio bezala arituko dira. Frantzia ordezkatuz, mutiletan bakarrik arituko dira. Gaur eta bihar, kluben mailan Ñapurrak, Baiona eta Zuraide lehiatuko dira.

Kontu hau izan da zurrunbilorik handiena sortu duena, ea zergatik euskal talde batzuek Euskal Herria bezala parte har dezaketen, eta besteek, berriz, ez. Horren arrazoia Bernardo Uretak, Euskadiko Herri Kirol Federazioko jarduneko presidenteak, azaldu zuen. «Une honetan ‘Basque Country’ bezala Estatu espainoleko pasaportea dutenak bakarrik aritu daitezke. Honela daude gauzak. Badakit batzuei ez zaiela gustatuko, baina une honetan hau da daukaguna», dio Bernardok.

Beraz, 600eko Euskal Herriko txapeldunak, Ñapurrak taldeak, Frantzia ordezkatuz lehiatu beharko du, eta berak izan ditzake Frantzia bezala dominak lortzeko aukera bakarrak. “Basque Country” bezala bertara joan diren euskal talde batek baino gehiagok izan ditzake dominak lortzeko aukerak, eta horretara joan direla ohartarazi du Uretak. «Uste dut oso maila ona doala bai ‘Basque Country’ ordezkatuz eta bai Frantzia ordezkatuz. Denen artean, aurtengo Euskal Herriko Txapelketan aritu diren taldeen artean, domina ugari lortuko dituztelakoan nago», esan zuen.

Gaur bertan abiatuko da txapelketa, eta garbi dago Euskal Herriko taldeak faboritoen zerrendan daudela, baita Frantzia ere, Ñapurrak taldearekin, eta beti bezala Ingalaterra edo Irlanda ere bai. Ezin dira ahaztu Taiwan eta Japonia. Asiarren tiratzeko era berezia da, eta min handia egiten dute.

Taldekakoa

Gaur 09.30ean abiatuko da Munduko Txapelketa kluben lehen jardunaldiarekin, eta 560ko taldeak, mutilak, lehiatuko dira. Bertan, Abadiño, Murueta, Sokarri eta Beti Gazte arituko dira Euskal Herria ordezkatuz, eta Frantzia, ordezkatuz, Ñapurrak A eta B eta Baiona.

Ordu erdi geroago abiatuko da nesken maila, 540koan, eta Gaztedi eta Ibarra hor lehiatuko dira. 13.30ean, berriz ere gizonezkoen txanda izango da, 680koan, eta Abadiño, Ibarra eta Murueta arituko dira euskal ordezkari gisa, eta Baiona, Zuraide eta Ñapurrak Frantziarenean. Azkenik, 14.00etan, 600eko mailan gizonezkoak arituko dira, 23 urtez azpikoetan, eta hor Berriozarrek parte hartuko du.

Dudarik gabe, lehen egunetan ere euskal ordezkariek, bai Euskal Herria ordezkatuko dutenek eta bai Frantzia ordezkatuko dutenek, dominak lortzeko aukerak izango dituzte. 560koan Abadiñok bere aukerak izango ditu, beraiek jantzi zuten Euskal Herriko txapela, eta urrearen bila joango dira. Ñapurrak edo Sokarri ere kontuan hartu beharko dira. 640koan, Muruetak irabazi zuen Euskal Herriko txapela, eta bizkaitarrak dominaren bat lortzeko itxaropenarekin joan dira. Nesken 540koan Gaztedik izan ditzake aukerarik handienak. 23 urtez azpikoetan ikusgai dago, Euskal Herrian ez baita maila horretako lehiaketarik egiten, baina Berriozar lan ona egiteko itxaropenarekin joan da.

«Dirua lortzerako garaian, ‘Basque Country’ bezala joateak ate asko zabaltzen ditu, eta EKFB Euskal Kirol Federazioen Batasunak ematen digu arropatarako dirua eta orain ez bada ere, gero emango digu bidaietako dirua ere, eta haiei eskerrak ere eman behar dizkiegu», esan zuen Bernardo Uretak.