J.L.
Aizkora

Munduko aizkolaririk azkarrenen finala

Munduko aizkolaririk azkarrena zein den erabakiko da bihar eguerdian, 12.00etatik aurrera Tolosako Beotibar pilotalekuan, hantxe jokatuko baita finala. Batzuk zuzenean sailkatuta daude, eta beste batzuk kanporaketak jokatu behar izan dituzte. Euskal Herria, Espainia, Frantzia, Suitza, Italia eta Australia egongo dira ordezkatuta.

Aitzol Atutxa, Iñaki Azurmendi, Arkaitz Jauregi, Iker Vicente, Donato Larretxea, Felix Etxeberria, Jon Rekondo, Ruben Saralegi, Joseba Otaegi, Eneko Otaño eta Luix Txapartegi izango dira Euskal Herria ordezkatuko dutenak. Espainiatik Juanillo Rodriguez etorriko da, Laurence O’Toole, Australiatik, Paoli Vicenzi, Italiatik, Christophe Geissler, Suitzatik, eta Pierre Puybaret, Frantziatik. 

Izenak berak esaten duen bezalaxe, aizkolaririk azkarrena aukeratuko dute, eta lan laburrak izango dira. Azkar ebaki behar dira enborrak, eta horrelakoetan hutsegite txikiak garesti ordaintzen dira. Euskal Herriko aizkolariak goian dabiltza eta, kanpotarren aldetik, espainiarra eta australiarra ezagunak dira. Rodriguez asko aritzen da Euskal Herrian, eta Arabako Federazioan ere izaten du lizentzia eta bertako txapelketak jokatzeko aukera. Urrezko Aizkoran ere mutikoa zenetik ari da lehiatzen.

O’Toole australiarra ere behin baino gehiagotan izan da Euskal Herrian, eta une honetan ere Urrezko Aizkoran parte hartzen ari da. Bera ere aski ezaguna da. Gainerakoak erabat berriak izango dira, frantziarra, italiarra eta suitzarra nazioarteko lehiaketa azkarrak jarraitzen ez dituztenentzat erabat ezezagunak baitira. Beraz, hiru horien lana ikusgai dago, baina garbi dago ez dutela lan makala egingo, lan laburrak egitea baitute ohiko lan.

Faboritoak aipatzerakoan, jendeak ezagunen aldera jotzen du, eta bi izen agertzen dira beste guztien gainetik. Bata etxekoa, Aitzol Atutxa, eta bestea Australiakoa, Laurence O’toole. Badirudi bi horietako batek eramango duela txapela. Alabaina, faborito izateak ez du esan nahi irabazi egingo dutenik eta gainerakoak ere itxaropentsu joango dira saiora.

Finala bera oso polita geratuko da, eta jendeak aizkolari berriak ikusi nahi izaten dituenez, aukera paregabea izango du bihar eguerdian, eta horri maila handiko aizkolariak gehitu behar zaizkio. Aizkorak, gainera, bi aste garrantzitsu izango ditu; bihar Tolosan Mundu Txapelketako finala jokatuko baita, batetik, eta datorren asteko igandean Binakako Urrezko Aizkorakoa jokatuko baita. Azpeitiko final handian izango diren sei aizkolarietatik bost biharko saioan ere izango dira.