Jon LEUNDA
Aizkora

O’Toole da azkarrena

Australiarrak aise irabazi zuen Tolosan jokatu zen Mundu Txapelketako finala. Iker Vicentek eskuratuzuen bigarren postua; Aitzol Atutxak, hirugarrena; eta laugarren postua Jon Rekondorentzat izan zen.

Laurence O’Toolek irabazi zuen Munduko Aizkolaririk Azkarrenen Txapelketa, atzo Tolosako Beotibar pilotalekuan. Jendeak ere oso erantzun ona eman zuen, sarrera bikaina izan baitzuen Tolosako pilotalekuak.

Kanporaketa zuzenak jokatu ziren, eta aurrenekoa, Vicenzi italiarrak eta Etxeberriak jokatu zuten. Nafarrak aise menderatu zuen bi enbor mozten italiarra. Bi minutu eta 8 segundoko aldea egon zen. Ondoren, Atutxa eta Eneko Otaño lehiatu ziren, eta hemen gauzak estuago joan ziren. Euskal Herriko txapeldunak eraman zuen kanporaketa, baina bost segundoko tartea bakarrik egon zen bien artean.

Jarraian, Geissler suitzarra eta Rekondo neurtu ziren, eta nafarrak minutu eta bederatzi segundoko aldea atera zion. Joseba Otaegik, berriz, Donato Larretxea hartu zuen azpian, 29 segundoko aldea aterata. Espainiarren eta frantziarren arteko dema ere estua izan zen. Azkenean, Rodriguezek irabazi zion Puybareti, 15 segundo aterata. O’Toole faboritoak ere ez zuen arazorik izan Saralegiri irabazteko; gainera, nafarrak adarrak izan zituen, eta amaieran 40 segundoko zuloa egon zen.

Jauregik ezustea eman zuen Azurmendiri irabazita, zortzi segundo kenduta, eta lehen faseko azkeneko neurketan, Iker Vicentek 14 segundo atera zizkion Txapartegiri.

Bigarren fasean, Aitzol Atutxak Etxeberriari irabazi zion, 16 segundoko aldearekin. Rekondok ere uste baino errazago menderatu zuen Otaegi, bukaeran 27 segundoko aldea ateraz. O’Tollek, berriz, erraz hartu zuen mendean Rodriguez. Australiarrak ia bi minutu atera zizkion espainiarrari, eta azkeneko saioan, Iker Vicentek ere erraz irabazi zion Jauregiri. Lau sailkatuek finala jokatu zuten bi enbor zeinek azkarrago ebaki, eta laurak batera neurtu ziren. O’Toolek oso erraz irabazi zuen, bere lana, 2 minutu eta 39 segundoan bukatuta. Bigarren postua, Iker Vicente eraman zuen, lana 3 minutu eta 19 segundoan amaituta, Hirugarren Atutxa sailkatu zen, bereak 3 minutu eta 30 segundoan amaituta, eta azkena Rekondo sailkatu zen, 3 minutu eta 40 segundoko denbora eginda.