O’Toole eta Vicente faborito bihurtu dira Binakakoan
Atutxa eta Mugertza II.a eta Saralegi eta Rekondo ere finalean izango dira.
Iritsi da Urrezko Aizkorako finala jokatzeko eguna, izan ere, bihar, 12.00etan, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan neurtuko dira. Hiru bikote izango dira han lanean, eta askoren ustez,Vicente II.a eta O’Toole izango dira garaipena lortzeko faboritoak. Ezin ahaztu, ordea, azken bi urte hauetako txapeldunak, Mugertza II.a eta Atutxa. Hauekin batera, eta ezustea emateko prest eta gogoz, Jon Rekondo eta Ruben Saralegi arituko dira.
Vicente eta O’Toole sekulako erakustaldiak emanda datoz final honetara. Lan motzean australiarrak ez du parekorik, eta luzean, berriz, Vicente gaztea bikain dabil. Bien artean bikote aparta osatu dute, eta orain arte emandako itxura ere bikaina izan da, jokatutako saio guztiak irabazita, eta gainera, aldearekin lortu dituztelarik garaipenak.
Biak, gainera, indarrez gainezka datoz. Abiadurako Munduko Txapelketa australiarrak irabazi zuen pasa den igandean, eta nafarrak bigarren amaitu zuen. Hala ere, ezin dira ahaztu egungo txapeldunak. Biak oso ongi moldatzen dira, bai lan motzean eta bai luzean. Zutik jarritako enborrak ere ongi menderatzen dituzte.
Hala ere, jakinda O’Toolek lan motzetan zer-nolako abiadura eramaten duen, eta nolako ziztuan botatzen dituen egurrak, bizkaitarrak eta gipuzkoarrak garbi daukate lan labur horietan ahalik eta denborarik gutxien galdu behar dutela, gero iraupen luzean erabaki ahal izateko. Baina lan luze horretan, ikaragarri ondo moldatzen da Vicente, eta galtza bete lan izango dute.
Eta tartean, Saralegi eta Rekondo agertzen dira. Leitzarrek badakite aurreneko bi postuetan sartzea oso zaila izango dutela, baina presiorik gutxien ere eurek eramango dute. Galtzeko ez dute ezer eramango, eta irabazteko asko, eta lasaitasun horrekin joango dira plazara. Norbaitek huts egiten badu, han agertuko dira, eurek euren lana ongi beteko baitute.
Ikusmina ere handia, ikaragarria piztu da. Australiarra hemen egonda eta egin duen lana ikusita, jendeak berriro ere ikusi nahi du aizkoran; gure artean ikusteko azken aukeretako bat izango da, gainera, bere herrialdera itzuliko delako. Vicenterekin ere itxaropen asko daude, oraindik 18 urte besterik ez ditu, eta sekulako lana egiten ari da. Sei aizkolari handi ikusi ahal izango dira, eta denera hiru nafar, gipuzkoar bat, bizkaitar bat eta australiar bat lanean ikusteko aukera izango da.