Mugertzak eta Atutxak ez dute barkatzen
Binakako Urrezko Aizkorako txapelak ez dira buruz aldatu. O’Toole eta Vicente II.a zirenirabazteko faboritoak, baina hirugarrenpostuarekin konformatu behar izan zuten.
Binakako Urrezko Aizkorako txapelek lehengo buruetan jarraitzen dute, Aitzol Atutxak eta Ugaitz Mugertzak, hutsik egin ez, eta hirugarren urtez jarraian irabazi baitzuten lehia.
Vicente II.a eta O’Toole ziren garaipena lortzeko faboritoak, baina nafar gaztea eta australiarra azkenak geratu ziren. Atzo arte saio guztiak aise irabazita zeuden, baina atzokoan, eta batez ere iraupen proban, behera egin zuen australiarrak. Iker Vicentek berriro ere oso itxura ona eman zuen
Txapeldunek bazekiten lan motzetan eutsi egin behar zietela eta luzean errematatu, eta horixe egin zuten. Bi faboritoen artean, berriz, Rekondo eta Saralegi sartu ziren.
Bi 45 ontzako zeinek azkarrago moztu izan ziren aurreneko bi lanak, eta horien ostean Atutxa eta Mugertza ziren aurrenak, euren bi enborrak minutu eta 27 segundoan ebakita. Zazpi segundo atera zizkieten O’Toole eta Vicenteri, eta 13 segundo, Vicente eta Saralegiri.
Hirugarren lanean, australiarra eta Otsagabikoa aurrenak jarri ziren, zutikako 60 ontzakoa minutu eta 44 segundoan ebakita. Txapeldunei 12 segundo atera zizkieten, eta 33 segundo, Saralegiri eta Rekondori.
Laugarren saioan bikote bakoitzak bi 60 ontzako erdibitu behar izan zituen. Hor Ruben Saralegi eta Jon Rekondo nagusitu ziren, euren lanak 4 minutu eta 24 segundoan amaituta. 12 segundo gehiago behar izan zituzten Atutxak eta Mugertzak eta 26 gehiago, O’Toolek eta Vicentek. Azken-aurreko lanean, zutikako 45 ontzakoa eta etzaniko kana-erdikoa ebaki behar izan zituzten. Hor O’Toole eta Vicente gailendu ziren, euren lana 2 minutu eta 24 segundoan amaituta. 24 segundo atera zizkieten Saralegi eta Rekondori, eta 28, gero txapela jantzi zuen bikoteari.
Iraupen proba bakarrik falta zen saioa amaitzeko, eta australiarra eta nafarra zeuden lehen postuan, bigarrengoei 19 segundo ateraz. Azkeneko lanean, bikote bakoitzak lau kana-erdiko eta lau 60 ontzako ebaki behar izan zituen, eta hor Atutxak eta Mugertzak ez zuten barkatu. Hasieratik hartu zuten aurrea, eta jaun eta jabe izan ziren finala erabakita utziz. Lan hau burutzeko, 15 minutu eta 14 segundo behar izan zituzten. 16 segundo atera zizkieten Rekondori eta Saralegiri, eta 2 minutu eta 14 segundo O’Toole eta Vicenteri. Lan guztiak burutzeko, 26 minutu eta 5 segundo behar izan zituzten Aitzol Atutxak eta Ugaitz Mugertzak; 26 minutu eta 39 segundo, Jon Rekondok eta Ruben Saralegik; eta 28 minutu eta 2 segundo, O’Toolek eta Vicente II.ak.
O’Tooleri finaleko lana oso luze joan zitzaion
Atzoko finalean begirada asko Laurence O’Tooleri so zeuden, baina australiarrari lana luze joan zitzaion. Joan den astean jokatu zen abiadurako Mundu Txapelketa irabazi arren, agerian geratu zen lan luzean kateatu zitekeela eta halaxe izan zen. Vicente gazteak lan bikaina egin zuen, baina australiarrak ez zion erantzun. Atutxak eta Mugertzak, berriz, lan handia egin zuten, biak oso ondo arituta. Saralegik eta Rekondok jardun bikaina erakutsi eta merezitako postua eskuratu zuten. J.L.