Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Zuk, kontsumitzen duzu?

Banuen asmoa Emma Watson aktoreak iragarritako eszedentziaren gainean pare bat kontu idazteko, baina Kattalin Minerrek teklatutik kendu zizkidan modu zehatz eta argigarri askoan; beraz, joan den ostiraleko “Berria”-ra jo dezakezue feminismoa zertan datzan freskatzera. Halere, aktorearen grina urtebetez feminismoa kontsumitzeko (literatura eran, beraren kasuan), lurraren arrasean gauzatzeko lehenik eta behin goialde intelektuala jantzi behar duelakoan-edo, ederki datorkit beste gai honi heltzeko: zer eta zergatik kontsumitzen dugun.

Horren gaineko txostena plazaratu berri du Setem gobernuz kanpoko erakundeak: Indarkeria kontsumitzen dugu? Halakorik –bortizkeria matxistaz ari da–, ezta bururatu ere, baina, otutzekotan, ezezko borobila emango genuke ziurrenik gehienok. Uste baitugu aski kontzientziatuta gaudela gaiarekin, zeharo gaitzesten eta baztertzen dugula, eraso nabarmenenez harago ezkutuagoak ere (mikromatxismo izeneko matxismo huts horiek) borrokatzeko prestatuta gaudela eta, noski, ez garelako ergelak horren guztiaren ondoren zer eta genero-indarkeriaz elikatuta horren arabera xahutzeko gure sosak. Bada, aukerarik baduzue, bota begirada bat aipatu agiriari; beharrezkoak ditugu halakoak, emakumeon ahalduntzea gauzatuko badugu, lehenengo urratsa jabekuntza baita.

Ez dakit inoiz jarriko zineten pentsatzen zeuen kontsumitzeko eraz eta aukerez. Iruditzen zait erosi, ikusi, irakurri, jardun... denok egiten ditugula, eskuarki, garaian garaiko halako korronte ikusezin jakin batzuen arabera, modak aginduta. Baina produktuon modernotasuna edo gaurkotasuna alde batera utzita, kuriosoa da norberari gauza mota bera interesatzen jarraitzea, edo kontu berberek eragitea errefusa, eta horietara jotzen edo horietatik aldentzen segitzea itsu-itsuan. Are kuriosoagoa eta interesgarriagoa bilakatzen da gogoeta, haritik tiraka-tiraka, joerok maila kolektiboan aztertuz gero: zer kontsumitzen dugu, batik bat, emakumeok; zer kontsumitzen dute, masiboki, gizonek; zer, aberatsek; zer, pobreek (kontsumitzeko paradarik izanez gero); zer han, zer hemen... Nola bizi garen, gure balioak, gure beldurrak, desirak eta abar islatzen ditugu horrela, oharkabean, eta nik neuk erakargarria eta premiazkoa ere baderitzot une batez kontsumitzeari utzi eta nork bere benetako behar eta zioei behatzeari. Geuk ere egiten diogulako nolabaiteko ekarpena eta mesedea egungo sistema eroari.