Pello ZABALA
Eguraldian aditua

Martxoa, beti martxoso

Martxa berezia hartu izan zaio martxoari. Eskarmentutxoa beti izan du edadeko agurearentzat. «Martxoaren hasiera, zaharraren piztuera», dio gure atsotitz ezagunetariko batek.

Martius hauxe zen lehen hilabetea. Erromako egutegian, Romulorenean, 10 hilabete zituzten. Numa Pompiliok –Kristo aurretik ia 700 urte– 12 hilabeteko urtea antolatu zuen, eguzki-jiroari parekatuz. Januarius izan zen erantsitako bietan bat, Februariusekin batera. Jano jainkosari eskainia, ate eta sarrera guztien zaindari baitzuten.

Marte gerraren jainko borrokalariaren izena eman zioten. Latinez, Martius, eta gerraren hainbat esanahi beragandik sortuak: «martziala», gerrari dagokiona, edo «martxa», hitz berau ere, bat-bi, bat-bi, martxoso, pauso martzialean eramaten dena.

Martxo gure hilabetea martiarra zela antzina, hori esan nahi du, eta horregatik gorde dugu, Bizkaian batik bat, marti izena ere, martiar hila den seinale. Udaberriko indar berri eta gihartsuen adorea seinalatu nahi omen zuen.

Epaila sarri erabili ohi zen lehen, hegoalde-mendebaldekoan gehienbat. «Epailaren azken aldera hasiko zaigu kukua», zioen Uztapide bertsolariak. Nondik datorren epail hitza? Epai hitzak, epaitzea, moztea, ebakitzea esan nahi du. Belarra egin beharra, epaitu beharra, sortzen da martxoan. Epaiaro deitzen zitzaion belarra egiteari eta garia ebakitzeari ere.

Martxoaren kokaguneak badu zeresanik franko gure atsotitz eta esaera zaharretan. Pare bat gogoratzekotan, hauxe ekarriko nizuke bat: «Martxoaren erdi inguruan, gaua eta eguna ia berdinduan». Bai ote? Har dezagun Zaragozanoa: Martxoaren 16an, eguzkia 06.24an jaikiko omen da, eta 18.23an ezkuta. Jontxo! Eta hurrengo egunean, martxoaren 17an, 06.23an jaiki, ta 18.24an ezkutatu. Izan ere, goizetik, dagoeneko 55 minutu azkartu baitu eguzkiak jaikitzeko ordua, eta arratsetik, berriz, Santa Luzia egunetik hona, 82 minutu berandutu.

Beste erranairu polita, hainbat dituen Ama Birjina martxokoarena. «Ama Birjina martxoko, neguari eman diok ostiko». Aurten badirudi lehenagotik eman ziotela negu gajoari.