Sunbillarrek ez daukate Latasa nor izan zen ahaztuta
Haren oroimenean saio ikaragarria antolatu dute bihar eguerdirako.
Ramon Latasa aizkolari handia hil zela 25 urte bete direla-eta, Sunbillan jaialdi handi bezain dotorea antolatu dute. Alde batetik, Donato Larretxeak eta Iker Vicentek desafio ederra izango dute, eta bestetik aspaldian plazetan ia ikusi ez den Patxi Astibia ikusi ahal izango da. Jaialdia 12.00etarako dago iragarrita. Plazan izango da, eguraldi ona bada, eta bestela, pilotalekuan.
Larretxearen eta Vicente II.aren arteko desafioa oso erakargarria da, lan ezberdinak izango baitituzte. Donato Larretxeak gaur egun plazetan erabil daitezkeen enbor guztiak ebaki beharko ditu. Horrela, kanako bat, 80 ontzako bat, oinbiko bat, 60 ontzako bat, kana-erdiko bat eta oinbeteko bat ebaki beharko ditu. Iker Vicentek, berriz, 16 kana-erdiko ebaki beharko ditu. Enbor guztiak aurrena ebakitzen dituenak irabaziko du.
Polita izango da plazetan dabiltzan enbor guztiak mozten ikustea, horietako batzuk ia oso gutxi erabiltzen baitira. Oinbikoa, 60 ontzakoa eta kana-erdikoa dira normalean erabiltzen diren enborrak. Kanakoa ere, gehiegi ez bada ere, oraindik erabiltzen da. Oinbetekoa lehen dezente ibiltzen zen, baina orain oso gutxi. Gehienbat, aitzurlarien lehiaketan erabiltzen da, edo gazte mailakoetan. 80 ontzakoa izango da denetan gaur egun gutxien erabiltzen dena. Bestetik, Iker Vicentek ere lan luzea izango du, 16 kana-erdiko, eta jendeak badauka lan luze batean ikusteko gogoa.
Baina ez da hori bakarrik izango, Patxi Astibia ere han arituko baita. Leitzarrak aizkolaritza utzi beharra izan zuen punta-puntan zebilenean, nahiz eta beti aizkolaritzaren munduan jarraitu duen erakusle bezala, baina bihar eguerdian plazan izango da. Beraz, horrek berak ere erakargarritasun bat badauka. Leitzar beteranoak oinbiko enbor bat moztuko du. Sarrera ordaindu beharrik ez da izango.
Apustua
Hilabete honen 20an Eneko Otañok eta Mieltxo Mindegiak aizkora apustua jokatuko dute Doneztebeko pilotalekuan, 12.00etan hasita, baina egun bererako beste aizkora apustu bat ere egina dago, eta jokatuko dute. Gipuzkoan izango da neurketa hau, Anoetan, 12.30ean hasita, eta bertan Joakin Garmendia beteranoa eta Unai Zabala izango dira aurrez aurre. Batek 70 urte dauzka, eta besteak 17. Alde bakoitzak 1.000 euro jokatzen ditu dirutan.
Gaur ere apustua izango da ikusgai Azkoitian, Martirieta auzoan, 17.00etan hasita. Lagun artean egindako apustua da, baina ikusmin handia piztu duena, nahiz eta iragarpenak betetzen badira, eguraldia izango duten aurka. Alde batetik Joxejabier Lorentzo korrikalaria izango da, eta honek Azkoitiko hirigunean dagoen gasolindegitik Martirietara joan beharko du korrika, 4 kilometro aldapatsu eginez. Tarte horretan Itzeder Arrizabalagak hiru kana-erdiko moztu beharko ditu.