Jon LEUNDA
Aizkora

Vicente II.ak maila handia ematen jarraitzen du

Sunbillan Ramon Latasaren omenez jokatutako desafio berezian Donato Larretxeari hartu dio aurre.

Iker Vicentek irabazi zion atzo Donato Larretxeari Sunbillan jokatu zen desafio berezia. 25 urte pasatu dira Ramon Latasa hil zela, eta bere oroimenezko lehiaketa berezia antolatu zuten atzorako.

Eguraldiak lagundu ez baldin bazuen ere, jendeak erantzun ona eman zuen, saioa ikusteko modukoa baitzen. Iker Vicentek 16 kana-erdiko ebaki behar zituen, eta Larretxeak, berriz, egun plazetan erabiltzen diren enborretatik, bana, eta denak tamaina ezberdinekoak. Lan gogorra izan zuen. Kanakoa, 80 ontzakoa, oinbikoa, 60 ontzakoa, kana-erdikoa, 45 ontzakoa eta oinbatekoa izan zituen aurrean. Horrelakorik ez da ikusten plazetan, eta horrek berak ere ikusmina handitu egin zuen, hor zeuden enbor batzuk oso gutxi erabiltzen baitira.

Azkenean, Iker Vicentek 36 minutu eta 26 segundo behar izan zituen bere lanak amaitzeko, eta 37 minutu eta 17 segundo Larretxeak. Biek ere bildutakoen txalo zaparrada galanta jaso zuten. Bertan zen Patxi Astibia beteranoa ere. Aizkora aspaldi utzi zuen, baina atzoko egunean han egon nahi izan zuen, eta oinbikoa erdibitu zuen Latasaren oroimeneko egun honetan. Latasa Sunbillakoa zen, eta ez dute han ahaztuta. Atzoko saioa berezia zen, baina abuztuan oroimenezko torneoa ere jokatuko da Nafarroako herrian.

 

Apustuak

Aspaldian egin den apusturik handienetakoa sinatu zuten ostiral iluntzean Tolosako Kantabriko tabernan. Alde batetik Arria V.a izango da, eta, bestetik, berriz, Julen Kañamares eta Arkaitz Jauregi. Errezildarrak 20 kana-erdiko ebaki beharko ditu, eta ondoren 20 kilometro egin beharko ditu korrikan. Bikoteak ere lan bera egin beharko du. Aurrena bikoteko batek 10 kana-erdiko erdibitu beharko ditu, eta beste hamarrak bigarenak moztuko ditu. Azkeneko hamar kana-erdiko ebakitzen dituenak, jarraian 10 kilometro egin beharko ditu korrikan, eta ondoren falta diren 10 kilometroak aurrena aizkoran aritu denak egin beharko ditu.

Apustua azaroaren 20an jokatuko da, eta alde bakoitzak 8.000 euro jokatuko ditu dirutan. Enborrak, berriz, Arriak eramango ditu. Orain aizkolariek denbora asko dute hau guztia prestatzeko, eta beharko dute, ikaragarrizko lana egin beharko baitute.

Bestetik, herenegun Azkoitiko Martirieta auzoan jokatu zen apustu mistoa Itzeder Arrizabalagak irabazi zuen. Lorentzok 4 kilometro egin behar izan zituen korrikan, Azkoitiko hirigunean dagoen Gasolindegitik, Martirietara, leku nahiko aldapatsuan. Tarte horretan, Arrizabalagak hiru enbor kana-erdiko ebaki behar zituen, eta aizkolariak eraman zuen garaipena. Hiru kana-erdiko ebakitzen, 22 minutu eta 15 segundo behar izan zituen Arrizabalagak, eta Lorentzok, berriz, 26 minutu eta 9 segundo behar izan zituen korrikako ibilbidea egiteko.

Apustu honek eguraldia kontra izan zuen, petrala izan baitzen oso herenegun arratsaldea, baina ikusmin handia piztuta zegoen, eta zaleek ez zuten hutsik egin, asko izan baitziren neurketa zuzenean jarraitu nahi izan zutenak.