Zein arazo, feminista izateko?
Eskuarki ez da samurra izaten itzultzailearen lana, baina batzuetan suertatzen da idazki interesgarrietan murgildu beharra. Bukatutakoan, gelditzen zara gogobeteta, eta barrena aberastuta. Horixe bera jazo zait “Denok izan beharko ginateke feminista” kontakizunarekin, Chimamanda Ngozi Adichie nigeriarrarena.
Emakumeak feminismoaz hitz egin nahi zuen, berarentzat garrantzitsua delako eta iruditzen zaiolako ez dela behar beste hitz egiten, eta, egiten denean, sarriegi jendea deseroso sentitzen dela. Afrikaz harago, munduan. Bat nator erabat: genero-berdintasunaz mintzatzeak sorrarazten du halako jarrera bat pertsona askorengan, erne jartzekoa, aldez aurretiko nolabaiteko kontrakotasunarena; ez urrunera, hemen ere bai, euskal herrietan.
Ematen du onartua dugula mintzagaia, nola gauzatu eztabaidagaia, herri-erakundeek, hezkuntza-komunitateak, elkarteek, hedabideek... egunero darabilten neurrian esparru publikoan, horren aldeko politikak egiten direnez eta biharko eguna edonon ospatzen denez gero. Pribatura jota, ordea, norbanakoon arteko solasaldietan, ika-mika bilakatuta askotan, ez da sumatzen horren onetsia, horren barneratu eta sustatua: salbuespen, ñabardura, «bai, baina» gehiegik zutik diraute.
Erreparoak, feminista hitzetik bertatik hasita. Zenbat andrazkok diote oraindik ere higuina berba horri, besteen aurrean (beti beste horiek gogoan) nolakotasun itsusi eta mespretxagarria erantsiko balie bezala; galde iezaiezu emakume horiei berberei berdintasuna nahi duten, borroka zilegi eta premiazkoa iruditzen zaien hauxe, eta nekez aldenduko zaizkizu espantuka. Orduan, zein da arazoa «feminista naiz» sentitzeko eta halaxe, inolako arrakalarik gabe, adierazteko zein jokatzeko? Zein arazo gizonezkoek, oraindik ere feministon xedea eurena ez delakoan daudenek, hau da, gehienek?
Horixe denok izan beharko ginatekeela feminista; bai, behintzat, pertsonon arteko berdintasunean eta justizian, besterik ez, sinesten dugunok. Izan behar dugu –hipotetikoa betiko lurperatuta– bihartik harago, esparru guztietan, munduko edozein txokotan. Izan ere, emakume afrikar baten esperientzia eta gainerako emakumeona, hainbeste gauzatan, ez da batere desberdina. Besteak beste, munduaren mutur bateko gizonaren jarrerak eta kontrako muturrekoarenak, emakumeoi dagokigunez, oso bertsuak izaten segitzen dutelako.